Beste urte batez, punta-puntako txirrindularien bisita jasoko dute hernaniarrek eta astigartarrek, Euskal Herriko Itzuliarekin. Bihar pasako da bailaratik eliteko emakumezkoen tropela, Itzuliaren etapa erabakigarria jokoan dela, Donostian hasi eta bukatuko dena.
Goizeko 10:30etan Bulebarretik abiatu, eta zuzenean hartuko dute Hernanirako bidea. 10:40ak aldera zeharkatuko dute herria, Sorgintxulotik sartu eta Zinkoeneatik Martindegi aldera aterata; eta segidan pasako dira Astigarragatik, Troia, Tranbia eta Donostia ibilbideetan barrena.
Horrek eragina izango du trafikoan, bihar goizean. Hernanin, 10:00ak aldera itxiko du errepidea Udaltzaingoak, eta 10:45ak aldera zabalduko dute berriro. Gainera, hustu egingo dituzte Sorgintxuloko tuneletik Nere Borda parkearen sarrerara bitarteko ezker aldeko aparkalekuak. Udaltzainak eta JOCC txirrindulari taldeko boluntarioak ariko dira trafikoa eta mozketa puntuak zaintzen.
Astigarragan, berriz, goizeko 10:00etatik 10:50etara bitarte egongo da trafikoa itxita, gutxi gorabehera, lasterketa pasako den errepideetan.
Bailara zeharkatu ondoren, Jaizkibel, Gurutze eta Mendizorrotz mendateak igoko dituzte txirrindulariek, 113 kilometroko ibilbidean, 13:30ak aldera Donostian bukatzeko.
Eneko Olveira zazpigarren, Bidasoa Itzulian
Aurreko astean jokatu zen, bestalde, afizionatu mailako gizonezkoen Bidasoa Itzulia. Oraingoan mendiko bizikleta utzi, eta errepidean aritu zen Eneko Olveira astigartarra. Sekulako mailan aritu zen, gainera: zazpigarren bukatu zuen sailkapen nagusian, eta bera izan zen gipuzkoar onena.
Aurreneko bi etapetan onenetatik gertu eutsi ondoren, azkenekoan laugarren izan zen Irunen, sailkapen nagusian ohorezko postua lortzeko.