Heldu da San Isidro eguna bailarara, ekitaldi paregabeek osatutako programarekin aurten ere

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko maiatzaren 15a

Baserritarrentzako urteko egunik bereziena iritsi da, eta egitarau borobil-borobilekin osatu dute eguna Astigarragan zein Hernanin.

 

Festa giroa izango da nagusi gaur Astigarragan zein Hernanin. Beserritarren egunik haundiena iritsi da: San Isidro eguna. Ospakizunerako, egun osoko egitarau borobil-borobila prestatu dute Urumeako bi herri horietan.

Astigarragan, pasa den asteazkenean hasi zen eta igandean amaitzen den Lurraldia jardunaldien artean kokatzen da egun haundi hau. Gaurkoan, 09:30etan emango diote hasiera festa-goizari, Xabi eta Joxan trikitilarien emanaldiarekin. 10:00etan prozesioaren eta mezaren txanda izango da, eta ondoren, 11:00etan, hamaiketakoa egingo dute Gure Izarra elkartean. Ospakizunarekin segiko dute jarraian, 12:00etan hasiko den zaldi-demarekin; Etxetxoren, Zornotzaren eta Gartzia alaben zaldiek 1.000 kiloko harria mugituko dute. Bitartean, goiz osoan zehar, bertsotan ariko dira Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña. Herri bazkaria egingo dute 14:30etan, eta amaitzeko, Taula baserriari egingo zaio esker ona. 

 

Hernani ere jardueraz lepo, goiz zein arratsalde

Hernanin goiza eta arratsaldea bete dute ekintzaz. Hasteko, 11:00etan meza egingo dute San Joan Bataiatzailea parrokian. 11:30etan datoz goiz osoa estaliko duten jarduerak; izan ere, Perrapa baserriari omenaldia egingo zaio udaletxeko arkupeetan, eta bertsolariak ere izango dira. Segidan, herri kirol erakustaldia egingo dute Malen Barrenetxeak eta Ekiñe Lopezek aizkoran, baita Goizeder Abendibarrek ere, harrijasotzen. Herri bazkaria egingo dute ondoren, Goiz Eguzkin. Eta arratsaldeko 17:30etan, Tilosetan (edo kiroldegian, eguraldi txarra egiten badu) emakumezkoen pala partidua eta gizonezkoen esku pelota partidua izango dira egun haundi honi amaiera emango dioten jarduerak.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!