Larunbatean izanen da Goizutrail, mendi lasterketen garaia hasteko

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 13a

Hainbat korrikalari, iazko Goizutrailen. Argazkia: Felix Loiarte

Izenemateak agortuta daude probako bi distantzietarako, eta baita hilaren 30eko Ereñotzuko Mendi Lasterketarako ere.

 

Ez da baretu mendi lasterketek duela urte batzutatik pizten duten grina; alderantziz, puri-purian dago, Urumea bailarari dagokionean behintzat. Horren adibide da izenemateak agortuta daudela Goizutrailerako eta Ereñotzuko Mendi Lasterketarako.

Larunbat honetan bertan jokatuko da aurrenekoa, bi distantziarekin: 26 kilometrokoa bata, eta 11 kilometrokoa bestea; biak ere goizeko 09:00etan abiatuta, Goizuetako plazatik. Zonalde berera egingo dute partehartzaile guztiek: Eneko Elorrira iritsi eta bueltan abiatuko dira proba motzekoak, eta Loitzate eta Beltzuntza aldera segiko dute luzekoek.

Kamixeta bana jasoko dute partehartzaileek, baina herritarrek ere izan dute aukera eskatzeko. Horiek ostiralean jaso ahal izango dute, 18:00etan Umore Ona elkarteko beheko azokan, 12 euro ordainduta.

 

Dortsalak agortuta, boluntario bila Ereñotzun

Bi aste barru izango da mendi lasterketaren 14garren edizioa, bai­na dagoeneko badira beste bi aste, dortsal guztiak agortu zirela. Horrela, 200 korrikalari abiatuko dira maiatzaren 30ean, goizeko 10:00etan, Ereñotzuko plazatik. Ohi bezala, ia 12 kilometroko ibilbidea osatuko dute Aiako Harria Parke Naturalean barrena, punturik altuena Urdaburuko tontorra dutela.

Helduen probaren aurretik, haurrena ere izango da, 09:30ak aldera hasita, auzoan barrena. Horretarako, gaztetxoek egune­an bertan eman beharko dute izena, eta doakoa izango da.

Lasterketa nagusiko dortsalak agortuta, boluntario bila ari dira antolatzaileak orain, eta for­mularioa zabaldu dute, honako helbidean: labur.eus/EML2026.

Izan ere, diote horrelako lasterketetan ezinbestekoa dela boluntarioen partehartzea, baina gero eta zailagoa dela probaren egunean zein aurreko egunetan laguntzeko jendea topatzea: mendiko zein herriguneko bidegurutzeetarako, trafikoa eta aparkalekuak bideratzeko, anoa gunerako eta hamaiketakorako, muntaketarako, dortsalak banatzeko... Edozertan laguntzeko prest dauden guztiei luzatu diete animatzeko deia.

 

Zegama-Aizkorri mendi maratoia, igande honetan

Goizutrailen hurrengo egunean izango da inguruko mendi lasterketa ezagunena: Zegama-Aizkorri mendi maratoia, goizeko 09:00etan hasita. Urtero bezala, izango da Urumea bailarako korrikalaririk, partehartzaileen ar­tean. Besteak beste, bertan izango dira Hodei Lujanbio eta Aitor Aizkorbe goizuetarrak, eta Anartz Artola, Ander Amonarriz eta Jokin Uzkudun hernaniarrak. Hernaniko Agerre taldeko bosgarren kide batek ere hartuko du parte: Mikel Legarreta urnietarrak, Zegama-Aizkorriko edizio guztietan aritu denak. 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!