Baserritarren egun bereziena izango da etzikoa, San Isidrorekin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 13a

Itxaso Treku harrijasotzailea, iazko Hernaniko San Isidro egunean.

Gaur bertan hasiko dira Lurraldia jardunaldiak Astigarragan, eta horren baitan, ostiralekoa eta igandekoa izango dira egun potoloenak. Hernanin, berriz, egun osoko programa prestatu dute San Isidro eguna ospatzeko.

Egun batez lan-tresnak utzita, festa giroan murgilduko dira baserritarrak ostiralean, beraien egun berezienean: San Isidro eguna da etzikoa. Eta hori ospatzeko, egitarau potoloak prestatu dituzte Hernanin eta Astigarragan.

Ohiko mezarekin hasiko dute eguna hernaniarrek, 11:00etan parrokian; eta udaletxeko arkupeetan segiko du ospakizunak: Perrapa baserriko kideak omenduko dituzte aurten. Ez dute hutsik egingo bertsolariek, eta ezta herri kirolariek ere. Aizkora desafioan ariko dira Malen Barrenetxea eta Ekiñe Lopez, eta harrijasotzen Goizeder Abendibar.

Ondoren, herri bazkaria egingo dute Goiz Eguzkin, eta pelota partiduekin borobilduko dute festa arratsaldean, Tilosetan edo kiroldegian, eguraldiaren arabera.

 

Lurraldia jardunaldiak gaurtik, Astigarragan

Plan borobila prestatu dute Astigarragan ere, ostiralerako: trikitilariak, prozesioa eta meza, hamaiketakoa, zaldi-dema eta bertsolariak, herri bazkariaren aurretik. Taula «baserri biziari» egingo diote omenaldia bazkaritan. Bizia bezain historikoa, 1726koak baitira baserriaren aurreneko aipamenak. «Taulako familia, eta bereziki Elena, egiten ari den ahalegina aitortzeko eta esker ona adieratzeko» egingo diote omenaldia.

Nekazaritzari eta abeltzaintzari lotutako ospakizunak, dena den, lehenago hasiko dira Astigarragan, gaur bertan ekingo baitiete Lurraldia jardunaldiei. Zehazki, topaketa egingo dute udaletxean, 17:30etan hasita, Umako azoka gunea izango denaren funtzionamendua eta irizpideak lantzeko.

Bihar, berriz, pintxopoteoa izango da herriko tabernetan, ilarrez egindako pintxoekin, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

 

Izenematea zabalik, larunbatean Lizardi baserria bisitatzeko

San Isidro eguneko ospakizunaren ondoren ere, izango dute zer ikusia eta zer ikasia, astigartarrek. Izan ere, herriko familiek aukera izango dute larunbatean Lizardi baserria bisitatu eta loregintzako prozesua ezagutzeko. Arratsaldeko 17:30etan abiatuko dira bertara, Joseba Barandiaran plazatik; baina parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik. Horretarako, alkatetza@astigarraga.eus helbidera idatzi behar da, edo 943 33 52 40 telefonora deitu. Ostiraleko 13:00etan bukatuko da apuntatzeko epea.

Eta Lurraldiari errematea, urtero bezala, Ilarraren Azoka bereziak jarriko dio. Igandean izango da, Foru Plazan, 11:00etatik 14:00etara. Denetik izango da: ilar salmenta, dastaketa, pintxoak, erakusketa edota bisita gidatuak; baserriko produktuen postuak; herriko baserrietako ganadu erakusketa; eta herri kirolak.

 

LURRALDIA 2026

ASTIGARRAGAN

GAUR, asteazkena

17:30, Umako azoka guneari buruzko topaketa, udaletxean.

BIHAR, osteguna

19:00, Pintxo poteoa, herriko tabernetan, ilar pintxoekin.

MAIATZAK 15, ostirala

SAN ISIDRO EGUNA

09:30, Xabi eta Joxan trikitilariak.

10:00, Prozesioa eta meza.

11:00, Hamaiketakoa, Gure Izarra elkartean.

12:00, Zaldi-demak: Etxetxo, Zornotza eta Garcia Alabaren zaldiak, 1.000 kiloko harriaz.

Goizean zehar, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak.

14:30, Herriko bazkaria, eta Taula baserriari esker ona.

MAIATZAK 16, larunbata

17:30, Lizardi baserrira familien bisita, Joseba Barandiaran plazatik abiatuta.

MAIATZAK 17, igandea

11:00-14:00, Ilarraren azoka (bisita gidatuak, erakusketa, dastaketa, pintxoak...), ganadu erakusketa, eta herri kirolak: Ander Altuna eta Jokin Urretabizkaia aizkoran, eta gazteen arteko herri kirol probak.

 

SAN ISIDRO EGUNA

HERNANIN

MAIATZAK 15, ostirala

11:00, Meza, San Joan Bataiatzailea parrokian.

11:30, Perrapa baserriari omenaldia, eta bertsolariak, udaletxeko arkupeetan. Segidan, herri kirol erakustaldia: Malen Barrenetxea eta Ekiñe Lopez aizkoran, eta Goizeder Abendibar harrijasotzen.

Ondoren, Herri bazkaria, Goiz Eguzkin.

17:30, Emakumezkoen pala partidua eta gizonezkoen esku pelota partidua, Tilosetan edo kiroldegian.

MAIATZAK 23, larunbata

AUZOLAN EGUNA

10:30, Auzolan irekia, Karabeleko baratze eremuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!