Ez dute nahi bezala hasi Herriarteko Txapelketa, Hernanik eta Astigarragak. Herri bakoitzeko talde banak ekin dio lehiari final hamaseirenetan, eta biak geratu dira txapelketatik kanpo aurreneko kanporaketan: Hernaniko palistek 2-4 galdu dute Soraluzeren kontra, eta Astigarragako esku pelotariak 21 tantoren aldeagatik geratu dira kanpoan, Albizturrekin 3-3 berdindu ondoren.
Abantaila txikiarekin heldu zioten bueltakoari astigartarrek, etxean; eta bazekiten konpromiso zaila zeukatela, bereziki kadeteetan eta jubeniletan. Eta hala izan zen. Albizturren garaipena lortu ondoren, Imanol Ormazabalek eta Oier Aldazabalek ezin izan zuten Aldalurren eta Juantorenaren indarraren aurrean, Txomiñene frontoi biziagoa izanda (3-22). Eta Beñat Elizegik eta Oier Galarragak ere, amore eman behar izan zuten Arandiaren eta Elolaren aurrean (8-22). Emaitza horiekin, aukerarik gabe zen Astigarraga. Presiorik gabe, hiruna berdintzeko puntua lortu zuten Eñaut Lizeagak eta Oier Gurutzealdek, Etxeberriaren eta Labakaren kontra (22-12); eta aho-zapore hobearekin bukatzeko balio izan zuen, frontoia bete-beteta zegoela, giro ederrarekin.
Are erronka zailagoa zeukaten palista hernaniarrek, 1-2ko kontrako emaitzari eman behar baitzioten buelta Soraluzen. Aldaketa ugari egin zituzten hiru partiduetarako osaketan, baina ezin izan zuten markagailua irauli, berriro ere banakako bi partiduak galduta: frontoi osoan 11-20 galdu zuen Oier Apaolazak, Gallastegiren kontra; eta zazpi barruan 10-20 Alain Agirrek, Atxotegiren kontra. Binaka Onditz Rekondo eta Mikel Manterola aritu ziren oraingoan, eta 20-15 menderatu zituzten Gisasola eta Rascon, baina ez zen nahikoa izan kanporaketa gainditzeko.