Areson eginen dute haur, guraso eta eskolen Topaketa, maiatzaren 30ean

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko maiatzaren 10a

Haurrak eta gurasoak, 2024an Goizuetan egin zuten Topaketan.

Goizuetatik autobusa jarriko dute bertara joateko, Amaian apuntatuta; eta bazkarirako txartelak ostiraletik aurrera izanen dira salgai.

 

Urteurren borobila izanen du haur, guraso eta eskolen arteko Topaketak aurten: 25garrenez eginen dute, maiatzaren 30ean, Areson. Egun osoko egitaraua prestatu dute, 11:00etan hasita, adin guztietako aranoarrak, goizuetarrak, leitzarrak, aresoarrak eta ezkurratarrak elkartzeko.

Tailerrekin eta jokuekin osatuko dute goiza, eta bazkaria eginen dute ondoren. Horretarako txartelak datorren ostiralean jarriko dituzte salgai, maiatzaren 15etik 24ra: Goizuetako Amaia kafetegian, Aresoko eskolan, eta Leitzako Astiz eta Maimur establezimenduetan. Paella eta postrea izanen dira menua, eta prezioak honakoak: helduek 14 euro eta haurrek 8 euro.

Gainera, Topaketara joateko autobusa jarriko dute Goizuetatik, baina horretarako ere aldez aurretik eman beharko da izena: Amaia kafetegian dago apuntatzeko zerrenda.

Bost herrietako familia eta irakasleei luzatu diete gonbitea, data gorde eta festara batzeko.

 

HAUR, GURASO ETA ESKOLEN ARTEKO XXV. TOPAKETA

ARESON

MAIATZAK 30, larunbata

11:00, Ongi etorria, plazan.

11:30, Tailerrak eta jokuak.

13:30, Sormen lehiaketako eta logo lehiaketako sari banaketa.

14:00, Bazkaria.

16:00, Kalejira, herrian zehar.

17:00, Jolas kooperatiboak.

18:00, Arratsaldekoa eta dantzaldia.

19:15, Lekukoa eman eta festaren amaiera.

19:30, Autobusa abiatzea.

 

 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!