Asteburu honetan jokatuko dute final hamaseirenetako bueltakoa, Herriarteko Txapelketan, esku pelotari astigartarrek eta palista hernaniarrek. Bi kasuetan dago kanporaketa zabalik, baina egoera ezberdinean egingo diete aurre partidu erabakigarriei.
Astigarragak etxean jokatuko du bueltakoa gaur, arratsaldeko 17:30etan Txomiñenen; eta 2-1eko abantailari eutsi beharko dio Albizturren kontra. Tantoen aldea, ordea, soilik bikoa da astigartarren alde. Beraz, gaurkoan ere bi garaipen lortzea izango dute helburu, sustorik ez hartzeko. Kadeteek eta nagusiek partidu estuak izango dituzte, eta puntua eskuratzen saiatu beharko dute berriro. Jubenilek, berriz, ahalik eta tanto gehien pilatzea izango dute helburu, oso bikote indartsuaren aurrean; eta, ahal dela, ezustekoa eman.
Hernanik, berriz, Soraluzen jokatuko du bihar, 11:00etan hasita, 1-2ko markagailuari bueltan emateko asmoz. Binakako puntua berriro ziurtatu, eta oraingoan buruz buruko eta zazpi barruko partiduetan txanpona alde erori dadin saiatuko dira hernaniarrak, joanekoan egindako lanak ez baitzuen merezitako saria izan. Kanporaketa berdintzea lortuz gero, sei tantoren aldeari eman beharko diote buelta.