Ave Maria Parkean aurkitu daitekeen espezie txikienetarikoa da, beraz ez da lehen begiradan ikusten den horietakoa. Udaberrian, ordea, burruntziak eta sorgin-orratz handiagoak baino lehenago hasten da hegan, bere senidea den Mariorratz txikiarekin batera. Oso sorgin-orratz ibiltaria da, eta urmael eta putzu berrietan azaltzen den lehenengoetako espeziea ere bada.
Ezaugarriak
Sorgin-orratz txikia da, eta bere luzera 29-32 mm artekoa izaten da. Ez dago neurriaren alorrean alderik ar eta emearen artean, baina bai kolorazioan. Mariorratz iberiar emeak polimorfismo izeneko ezaugarri bat baitute. Polimorfismoa espezie baten sexu bateko ar edo emeek itxura ezberdinak izaten dituztenean ematen da; hau da, kolorazio desberdinak izan ditzaketelako, alegia. Gure gaurko protagonistaren polimorfismoa harrigarria da, hiru motatako itxurak edo morfoak ematen dira: A, B eta C. Garai batean beste izen batzuk erabiltzen baziren ere (androkromoa, infuscans eta rufescens) gaur egun, A, B eta C hizkiak erabiltzen ditugu hiru morfoak izendatzeko.
A morfokoek (androkromoak lehen) arrek duten kolorazioaren oso antzekoa izaten dute; hau da, arrek normalean kolorazio berdea izaten dute toraxean, baina egon badaude urdina dutenak, abdomenaren gainaldeko amaieran duten kolorazio urdina ere mantentzen dute heldutasunean.
B morfokoek, berriz, arren diseinu oso antzekoa dute, baina toraxaren kolorazio nagusia berdexka edo marroixka da. Gainera, atzeko orban urdina ilundu egiten zaie, toraxaren kolorazioa hartuz.
Azkenik, C morfokoek toraxaren alboetan A eta B morfokoek izaten duten marratxo hori ez dute izaten, toraxaren kolorazio nagusiak berdexka eta marroixka izaten dira.
Hau gutxi balitz, esan beharra dago odonatu guztiek bezalaxe Mariorratz iberiarrak heldutasun sexuala lortzeko epe bat bete beharra izaten duela intsektu hegalari bihurtu eta gero, eta epe horretan kolorazioak aldaketa bortitzak izaten dituela. Emeen kasuan, heldutasun fasearen arabera, badira laranjatuak, gorriak, arrosak… Ikuskizun aparta gure begientzat. Aparta bezain laburra, hamar bat egunen bueltan emeak heldutasunera ailegatzen baitira.
Portaera eta bitxikeriak
Espezie urduria da; sorgin-orratzak direnez, landaredian pausatuta dauden harrapakinak ehizatzen dituzte. Horregatik, sarritan ikusiko ditugu landaredian 'kolpetxoak' joz, batetik bestera non pausatu jakingo ez balute bezala.
Estalketak oso luzeak izaten dira eta ailegatu daitezke gaua elkarri lotuta igarotzera. Arratsalde beroetan maizago ikusi daitezke estalketan osatzen dituzten bihotz zoragarri horiek.
Udaberrian uretatik ateratzen diren aleak, udan ateratzen direnak baino ilunagoak izaten dira. Toraxaren alboetan arrek duten marra hori bizkarreko zati beltz horrekin bat eginik, badirudi gertakizun hau uraren tenperaturaren ondorio bat dela.
HEDAPENA ETA UGARITASUNA
Euskal Herrian Mariorratz generoko hiru espezie daude; horietatik bi Ave Maria parkean daude. Mariorratz txikia iberiar penintsulan eta Afrikako iparraldean bizi da.
Espezie arrunta da eta ez dago babestuta, nahiz eta bere hedapena mugatu samarra izan.
HEGALDI EPEA
Martxotik urrira, klimatologia lagun badugu.
Ugariagoak dira udan.
GEHIAGO SAKONTZEN...
Odonatuen sexu-organoak
Odonatu arrek sexu-organoak bi lekutan dituzte kokatuta. Hori ez da gertatzen planetako gainontzeko animalien artean. Odonatuen sexu-organoak abdomenean daude, emeenak 8. eta 9. segmentuen artean, baina arren kasuan esperma segmentu horietan ekoizten bada ere, esperma hori emearen organismoan sartzeko organoak abdomenaren hasieran daude, 2. eta 3. segmentuen artean. Hori da odonatuen estalketaren 'bihotz' itxuraren zergatia.
Estalketaren aurretik, arrak esperma aurrera eraman beharra du, bere abdomena biribilduz. Ekintza hori sorgin-orratz arrek emeari lotu eta gero betetzen dute; burruntziek, berriz, hegan bakarrik doazen bitartean.