Gipuzkoako Emakumeen Etxeen Koordinakundea (GEEK) sortu dute probintziako 9 herri zein hirietako emakumeen etxeek, horien artean daude Astigarragako Emakumeen Etxea eta Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista. Besteak dira Tolosaldeko Andragora, Eibarreko Andretxea, Donostiako Emakumeen Etxea, Arrasateko Emakume Txokoa, Irungo Emakumeen Etxea, Orioko Saregile eta Zumaiako Emakumeen Etxea.
Sortzaileek Emakumeen Etxe ezberdinen arteko «ahaleginak eta esperientziak batzeko beharraren harira» eratu dela diote, eta helburua dela «emakumeei eskaintzen zaizkien zerbitzuak eta jarduerak hobetzea, interes komuneko gaiak partekatzea, eta finantzaizio duinago bat lortzea».
Gipuzkoan, 2003an lehendabizikoa sortu zenetik, 16 dira eratutako emakumeen etxeak; baina «1970eko hamarkadatik emakumeen espazio propioak izateko egindako borrokaren emaitza dira». Herri bakoitzean, beraz, prozesu ezberdina egin da, kudeaketa-eredu ezberdinak izan dira; baina hala ere, «emakumeen etxeak ezin dira udal zerbitzu huts gisa ulertu, eraldaketarako espazio politikoak dira, eta ondorioz, ezinbestekoa da elkar saretuta lan egitea».
Bultzatzaileek diotenez, koordinakundea «erakundeen aurrean ahots bateratua» izateko beharrari erantzuteko sortu da: «Baliabide ekonomiko eta sozialak aldarrikatzeko, eta aldi berean, herritarrei irekitako espazio hauek eskaintzen dituzten zerbitzuak eta jarduerak hobetzeko ahaleginak bateratzeko».
Bestalde, azpimarratu dute azpiegitura hauek kudeatzea eta mantentzea «lan konplexua» dela, eta ez dutela jasotzen «behar bezalako airtortza zein babes-ekonomikoa».
Lehen pausoa, Aldundiarekin hitz egiten hastea
Aipatutako guztiagatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariekin bilera bat eskatu dute Gipuzkoako Emakumeen Etxeen Koordunakundeko kideek, «elkarrizketa bideak irekitzeko eta jorratu nahi dituzten gaiak lantzen hasteko».