Astelehenean bukatu zen Ikatz Gane proiektu eolikoari alegazioak aurkezteko epea, eta asko izan dira Urumea bailaratik egindakoak, erakunde eta eragile ezberdinetatik. Hala jakinarazi dute egunotan, esaterako, Hernaniko Udalak eta Urumeako Mendiak Bizirik plataformak: aurrenekoak 42 alegazio aurkeztu ditu, eta bigarrenak prestatutako helegiteak 3.512 herritarren babesa jaso du.
Atzo bertan eman zuen Hernaniko Udalak, aurkeztutako alegazioen berri, eta azaldu zuen «Ikatz Gane proiektuaren gaineko kezka» helarazi diola Eusko Jaurlaritzari. Udalak nabarmendu duenez, «alegazioek ondorioztatu dute proiektuak ez dituela betetzen bideragarria izateko baldintza guztiak, eta bateraezina dela egungo konfigurazio eta kokapenetan».
Proiektua bera eta haren ingurumen inpaktuaren txostena «sakon» aztertuta, «hutsune nabarmenak» atzeman ditu Udalak, eta 42 alegazio aurkeztu ditu. Egindako azterketen ondorioz, adierazi du proiektuak eta egiturek ez dituztela betetzen «indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen gutxieneko baldintzak». Zentzu horretan, eta alegazioetan jaso bezala, Udalak dio paisaiari dagozkion azterketak ez direla objektiboak, eta ez dituztela kontuan hartzen «eremuaren biodibertsitatea eta proiektu honek harengan izan dezakeen eragin erreala, ezta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Larrialdiaren 1/2024 Legeak instalazioen udal partaidetzaz arautzen duena ere. Gainera, bateraezintasun ugari daude natura- eta kultur-ondarearen babesarekin, eta prozeduran funtsezko hutsuneak antzeman dira. Ondorioz, Udalarentzat horiek arrazoi nahikoak izan daitezke prozedura baliorik gabe uzteko».
Udalak kezka berezia agertu du «proiektuak Hernaniko udalerrian eta Urumea bailaran izan ditzakeen ingurumen- eta lurralde-eraginengatik, baita biztanleriarengan izan ditzakeen ondorioengatik ere». Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio «adierazi dezala Ikatz Gane parke eolikoaren proiektua ingurumenaren aldetik bateraezina dela egungo konfigurazioari eta kokapenari dagokionez», ikusita egindako alegazioak eta aurkeztutako dokumentazioan «hautemandako funtsezko akatsak».
«Guztiz premiazkoa da trantsizio ekosoziala»
Era berean, eta testuingurua kontuan hartuz, Udalak adierazi du «guztiz premiazkoa» dela trantsizio ekosoziala, «gaur egungo erronka energetiko eta klimatikoek berehalako erantzunak eskatzen dituztelako». Azaldu du bide horretan beharko direla «eskala haundiko energia proiektu berriztagarriak ere, betiere partehartze sozialaren eta lurralde antolaketa egoki baten bidetik egiten badira». Horregatik, Udalak azpimarratu du «beharrezkoa» dela «mota honetako instalazioen behin betiko Lurralde Plan Sektoriala».
Bide horretan, azaldu du Hernanik baduela dagoeneko «bide-orri argi bat», eta Udala bera «Energiaren Plan Territorial integratu bat» lantzen ari dela, «udalerriko eremu funtzionalak modu koherentean antolatzeko helburuarekin, energia, lurralde-antolaketa eta ingurumen irizpideak bateratuz».
Urumeako Mendiak Bizirik, 3.512 herritarren izenean
Urumeako Mendiak Bizirik plataformak, bere aldetik, joan den ostegunean aurkeztu zituen 3.512 herritarrek sinatutako helegiteak. Plataformak bere eskaerak plazaratu zituenetik, oso babes zabala jaso du, eta eskerrak eman nahi izan dizkie «hilabeteko epean babesa eskaini diguzuen guztioi, helegiteak sinatu dituzuenoi, zabalpenean lagundu duzuenoi, zuen espazioetan sinadurak jasotzen aritu zaretenoi, eta gaia ahalik eta herritar gehienengana iristea ahalbidetu duzuenoi, baita helegitea zuen eskutik aurkeztu duzuenoi ere».
UMBk azaldu du, «aurkeztutako proiektuaren aurrean eta denboraren kontra», hainbat boluntariok egindako lanak balio izan duela «salatzeko proiektu honen atzean dagoen manipulazioa, informazio-eskasia eta atzera bueltarik gabeko kalteak. Ez da erraza izan, baina izan da aberasgarria. Elkartu gara, izugarrikeria honen aurrean, horrelako ereduak ez ditugula nahi esateko. Ez hemen, ez inon. Maite duguna eta gizarte bezala behar duguna txikitzetik eraiki nahi dutelako irtenbide 'berdea' deitu nahi dioten hori».
Proiektuaren kontra eta UMBren helegitearekin bat eginez, 3.512 herritarren helegiteak entregatu zituen plataformak Donostian: «3.512 herritarren ezinegona eta ezezkoa, eta Ikatz Gane geldiarazteko eskaera. 3.512 herritarren baldintza, energia auziaren irtenbideak herriarekin eta ingurugiroari begira har daitezen, eta ez enpresa dirudunen poltsikoei begira».
Alegazioak aurkezteko epea luzatu diote Aranoko Udalari, berandu jakinarazi ziotelako
Ofizialki bukatu da alegazioak aurkezteko epea, baina Aranoko Udalak hainbat eguneko tartea izango du oraindik horretarako. Izan ere, proiektua Hernaniko lurretan gauzatuko litzateke, baina Aranorekin mugan; eta berandu eman zioten argitalpenaren berri Aranoko Udalari. Zehazki, apirilaren 15ean jakinarazi zioten, eta data horretatik hasita 30 eguneko epea dauka bere helegiteak aurkezteko, Joxan Ruiz alkateak Kronikari azaldu dionez. Epe hori baliatuko du Udalak alegazioak osatzeko, beste txosten batzuk eskatuta