Debuta egin berritan txapel bat nahikoa ez, eta bigarrena ere lortu du Alize Sagardui goizuetarrak, elite mailan, 14 urterekin: Nafarroako Irekia irabazi du Enara Gaminde laukiztarrarekin batera, Binakako Txapelketa Nagusian bezalaxe. Oraingoan, 22-20 menderatu zituzten Ruiz de Infante eta Erasun, Labriten jokatutako finalean.
Sekulakoa izan zen eszenatokia. Obrak tarteko bederatzi hilabetez itxita egon ondoren, finalerako zabaldu zituen ateak Labritek, eta txiki geratu zen: harmailak lepo beteta, 500 bat pelotazale geratu ziren kanpoan, sartzeko aukerarik gabe. Eta testuinguru horretan, ikusgarria izan zen finala bera ere, azkenera arte emozioa izan zuena. Sendo aritu ziren Sagardui eta Gaminde, eta aurretik izan ziren partiduaren zatirik haundienean; baina gogotik egin behar izan zuten lan txapela janzteko.
Kontrarioek hartu zuten aurrea hasieran (1-5), baina 14-1eko partzial ikusgarria lortu zuten orduan (15-6), eta bazirudien finala bideratuta zeukatela. Ez zuten amore eman urdinek, ordea, eta lehiakortasuna muturrera eraman zuten, tantoak gogortu eta akatsak gutxituta. 16-12 eta 19-17 gerturatu ziren horrela, baina susto galantari garaiz aurre egiteko gai izan ziren goizuetarra eta laukiztarra.
Emozioa Herriartekoan ere: Astigarragak abantaila txikia eskuz, Hernanik kanporaketa irauli beharra palaz
Asteburu honetan ekin diote Herriarteko Txapelketari, bailarako bi taldek. Astigarragak aurrea hartu du eskuzko kanporaketan, Albizturren 1-2 irabazita, baina abantaila txikiarekin: bi tanto dauzkate alde. Imanol Ormazabalek eta Oier Aldazabalek garaipen ederra lortu zuten kadeteetan, partidu parekatua 20-22 irabazita Aldalurri eta Juantorenari. Jubeniletan, aldiz, 22-11 galdu zuten Beñat Elizegik eta Oier Galarragak, oso bikote indartsua baitauka Albizturrek, Arandiarekin eta Elolarekin. Baina nagusietan emaitza berarekin nagusitu ziren Eñaut Lizeaga eta Oier Gurutzealde (11-22), «espero baino errazago», berez oso bikote ona osatzen duten Telletxearen eta Labakaren kontra.
Hernaniko palistek, bere aldetik, markagailua irauli beharko dute Soraluzen, etxean 1-2 galdu ondoren. Banakako partiduak galdu zituzten Mikel Manterolak frontoi osoan eta Ander Arandiak zazpi barruan, biak ere oso maila onean aritu arren. Manterolak Gallastegiren defentsa bikainarekin eta erremate finarekin egin zuen topo (9-20), eta Arandiak partidu oso gogorra eta estua izan zuen Atxotegirekin (17-20), azkeneko urtean izan duen gorakada erakutsiz. Lurrean bukatu zuten biek, lehertuta. Hernaniren puntua binaka lortu zuten Alain Agirrek eta Ion Belokik, Gisasolaren eta Rasconen kontra (20-12), bizi-bizirik jarraitzeko: bi partidu irabazi eta sei tantoren desabantailari eman behar dio buelta Hernanik Soraluzen.