Asteburu oparoa izan zen aurrekoa, bailarako mendi korrikalarientzat. Bi zita nagusi izan zituzten, eta bietatik ekarri zuten txapela: Ander Amonarrizek irabazi zuen Nafarroa Xtremeko 35 kilometroko proba, eta Anartz Artolak irabazi zuen Pagoetako Mendi Lasterketa, 21 kilometroko distantzian.
Azkeneko kilometroetan hartu zion aurrea Amonarrizek Zubirin, ia lasterketa osoa buruan egin zuen Markel Urigoitiari. 3:06:23 denborarekin nagusitu zen hernaniarra helmugan, otxandiotarrari ia hiru minutuko aldea aterata. Unai Martinez azpeitiarrak osatu zuen podiuma, eta bosgarren izan zen Hodei Lujanbio goizuetarra (3:13:09). Beste hiru hernaniar sailkatu ziren aurreneko 20en artean, gizonezkoetan: Xanti Uranga 11garren (3:23:03), Xabat Pagola 15garren (3:30:27), eta Jokin Uzkudun 16garren (3:34:54).
Gainera, bikotekako proban bigarren sailkatu ziren Mattin Sanzberro hernaniarra eta Ainhoa Arruti urnietarra, bikote mixtoen kategorian.
Zarautzen, berriz, alde haundiarekin nagusitu zen Anartz Artola. 1:34:04 behar izan zuen Pagoetako Mendi Lasterketa osatzeko, eta ia bederatzi minutura helmugaratu zen Mikel Auzmendi ataundarra, bigarren (1:42:54). Bikote mixtoen proba ere izan zen bertan, 8 kilometrokoa; eta zortzigarren sailkatu ziren Maddi Ormazabal eta Eneko Ortiz de Luzuriaga hernaniarrak.