Ez da espezie handienetakoa, ezta ere ikusgarrienetako horietakoa. Ez du kolore deigarririk eta, hegan, motel doala dirudi. Orain arteko aurkezpen hitzak ez dira oso aldekoak, ezta?
Halaxe da, bai, baina udaberria gure artean dela iragartzeko nor da bada burruntzi egokiagoa? Ez da hegan hasten den lehena izaten. Baina, hasten denean, airea konkistatzen du! Berea egiten du den-dena, helikoptero baten antzera putzua zaintzen duen bitartean.
Goazen bada, gure protagonista hobeto ezagutzera!
Ezaugarriak
Burruntzi sendoa da, eta bere luzera 39 eta 48 mm artekoa da. Bere abdomenak luzera horren erdia baino gehiago izaten du.
Ar gazteak eta emeak itxura berekoak dira. Heldutasunean, berriz, arren abdomenak kolorazio urdin argiko hauts batez estaltzen da (pruina delakoa) eguzki irradiazioaz babesteko. Batzuetan emeek ere hauts hori izan dezakete.
Hegoen oinarrian orban ilun batzuk ditu, zabalagoak atzeko hegoetan.
Burua eta toraxa marroi ilunak dira bi sexuetako aleetan.
Burruntzi honek abdomenaren itxurari zor dio izena, depressa hitzak zapal esan nahi baitu. Bai, deprimitua, depresioaren gatibu. Eta halaxe da: bere abdomenak lantza itxura izateaz gain, zapal-antxera da eta albotik begiratuta. Eta ezaugarri hori, euskaran bezalaxe, hizkuntza askotan hartu da kontuan izendatzerakoan.
Portaera eta bitxikeriak
Hegaldi indartsua du, nahiz eta ur gainean zaintza lanak betetzen dituen bitartean motela den iruditu. Hegal-soinua ere sortarazten du hegan doan bitartean, eta liztor erraldoi batekin alderatzen dutenak ere gure artean asko dira.
Hegan egiteko duen trebetasuna asko nabarmentzen da ugaltze funtzioa betetzen duen bitartean. Bikoteak hegan gauzatzen baitu estalketa. Errutea ere ikusgarria da emeak arrautzak ur-azaleko landaredian ziztatzen ditu, banan-banan, bertikalki gora eta behera eginez. Emeak errutea gauzatu bitartean arra bere inguruan mantentzen da, hegan, bere erreinuan sartu daitekeen beste edonor (bere espezieko ar lehiakor bat edo beste espezie bateko burruntziren bat) usatze lanetan.
Eremu bat konkistatzen duenean, hau da, bere espezieko ar guztiak menperatu eta gero, beha-leku egoki bat bilatzen du (normalean, putzu ertzeko zurtoin luzeska eta inklinatu bat) bertatik dena kontrolatu eta prest egoteko bere eremuan inbasioren bat izanez gero ziztu bizian abiatu eta inbaditzailea bidaltzeko.
Sendoa bada, bai, baina esan dugu ez dela handienetako burruntzia… Beraz, zer egin dezake bere tamainaren bikoitza duen Enperadore handi baten aurrean?
Burruntzien munduan tamaina baino garrantzitsuagoa da hegan egiteko trebetasuna: maniobra-gaitasuna, abiaduraz aldatzeko gaitasuna eta, batez ere, egoskortasuna. Eta horretan, azken horretan, ez dago bera bezalakorik!
Noiz behatu zen espezie hau lehen aldiz Ave Maria Parkeko urmaelean?
Nire tokaioa den Iñaki Sanzek ikusi zuen lehen aldiz 2025eko maiatzaren 1ean. Orduan ere, biak ala biak Langileen Eguna ospatzen ari ziren!
HEDAPENA ETA UGARITASUNA
Munduan bere Libellula generoko 33 espezie daude, denak ipar hemisferioan bat izan ezik. Burruntzi zapala Euskal Herri osoan Libellula generoko hiru espezie daude, Burruntzi zapala ugariena da. Europa osoan zehar eta Asiako erdialderaino bizi da.
HEGALDI EPEA
Apiriletik irailaren erdialdera, baina ugariagoa maiatza eta ekaina bitartean.
GEHIAGO SAKONTZEN...
Zer dira ondonatuak?
Odonatuak intsektu Ordena bat osatzen dute eta intsektu guztiak bezala Artropodoak dira. Odonatuak bi azpitaldeetan banatzen dira: burruntziak eta sorgin-orratzak (hurrengoan argituko dugu zein diren beraien arteko aldeak).
Intsektuak direnez, sei hanka dituzte, bi antena ere bai eta segmentuz osatutako abdomena dute (beraien kasuan hamar dira). Bi begi konposatu dituzte eta hiru, txikiagoak, sinpleak. Lau hego dituzte, toraxean txertatuta: bi aurreko aldean eta beste bi atzeko aldean, lauak berdintsuak sorgin-orratzen kasuan eta atzekoak zabalagoak burruntzien kasuan.
Lur planetan sei mila espezie ezagutzen ditugu. Iberiar penintsulan 82 espezie daude eta Euskal Herrian 65 bat.