Martxan da urteko txapelketarik politena, Astigarragako eta Hernaniko pelotarientzat. Gaur ekingo diote Herriarteko Txapelketari, eta jokatzen aurrenekoak izango dira esku pelotari astigartarrak eta palista hernaniarrak, final hamaseirenetan hasiko baitute ibilbidea.
Astigartarrak Albizturren kontra ariko dira eskuz, eta han jokatuko dute joanekoa, gaur arratsaldeko 18:00etan, Mendikute frontoian. Hernaniarrek, berriz, Soraluze izango dute kontrario palaz. Etxean daukate joanekoa, bihar goizeko 11:00etan hasita, kiroldegiko frontoian.
Iaz finalista izan ondoren, hurrengo kanporaketan sartuko dira esku pelotari hernaniarrak, final zortzirenetan, Aretxabaletaren eta Alegiaren arteko kanporaketa irabazten duen taldearen kontra. Txapelketa hasten azkenekoak palista astigartarrak izango dira, eta final laurdenetan hasiko dute joan den urteko txapelaren defentsa. Kontrario izango dute Azkoitia edo Zarautz-Zestoa kanporaketaren irabazlea.
Alize Sagarduik Nafarroako Irekiaren finala, etzi Labriten
Ezin hasiera gozoagoa izan du Alize Sagarduik maila nagusian, eta Binakakoaren txapela jantzi ondoren, bigarren finala jokatuko du igande honetan: Nafarroako Irekikoa, eguerdiko 12:00etan hasita Iruñeako Labriten. Esku pelotari goizuetarra Enara Gaminderekin ariko da oraingoan ere, eta kontrario izango dituzte Ruiz de Infante eta Erasun. ETB1ek zuzenean emango du finala.
Goizuetarrak aitortu du «ilusio haundia» egiten diola Labriten jokatzeak. «Partidu gogorra» espero du, baina sasoi puntu «onean» iritsi direla uste du.