Beat Eroak rap lehiaketan bozka emateko epea, bihar arte zabalik

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 29a

Buruntzaldeko gazteek hartu dute parte, eta abesti bana osatu dute Hernaniko eta Astigarragako taldeek ere. Erribera kulturgunean egingo dute bukaerako ekitaldia, maiatzaren 7an.

Herriz herri eta taldeka egindako lanketa politaren ondoren, azken txanpan sartu da Beat Eroak egitasmoa, Buruntzaldeako euskera zerbitzuen eskutik. Eskualdeko herri bakoitzean bi saioko tailerrak egin dituzte 12 eta 16 urte bitarteko gazteek, otsailean eta martxoan, Odei Barroso raperoaren eta Telmo Trenor disko jartzailearekin. Eta saio horietan, abesti bana sortu eta grabatu dute.

Lanketa horren emaitza entzungai dago interneten, euskara.buruntzaldea.eus/beat-eroak webgunean, bideo banarekin. Horiekin, rap lehiaketa jarri dute martxan, eta herritarrek bozkatuko dute zein den abesti onena. Bihar arte dago horretarako aukera, webgunean bertan.

Abesti bana aurkeztu dute, nola ez, Hernaniko eta Astigarragako gazteek. Hernaniarrek 'Denbora Pasa' izenburua jarri diote sortutako abestiari, eta astigartarrenak 'Gazteen Bizitza' du izena. Gainerakoak, honakoak dira: Andoaingo gazteek 'Laguntasuna' abestia aurkeztu dute, Lasarte-Oriakoek 'Hauek dira', Urnietakoek 'Hau da', eta Usurbilgoek 'Larunbat Gauak'.

Buruntzaldeako rap abestirik onena zein den erabakiko dute webgunean jasotako botoen eta epaimahaiaren botoen bidez, eta saria izango da bideoklip profesional bat grabatzea.

Beat Eroak egitasmoaren bukaerako ekitaldia, maiatzaren 7an Erriberan

Egitasmo berria eta berritzailea izan da Beat Eroak rap tailerra eta lehiaketa, gazteen artean euskeraren erabilera sustatzeko helburuarekin.

Egitasmoa borobiltzeko, ekitaldi berezi bat antolatu dute maiatzaren 7rako: Astigarragako Erribera kulturgunean izango da, eta bertan jakinaraziko dute zein den abesti irabazlea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!