Maiatzaren 4an bukatuko da Ikatz Gane proiektu eolikoari alegazioak aurkezteko epea, eta horretarako, bi testu-proposamen egin dituzte publiko orain arte. Aurrenekoa Urumeako Mendiak Bizirik taldeak aurkeztu zuen, eta dagoeneko 2.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte, jakinarazi dutenez. Joan den astean egin zuten solasaldia Ereñotzun, proiektuak kaltetuko lituzkeen eremuak aztertzeko; eta 60 lagun inguru bildu ziren, beraien kezkak azaleratuz. Helegitea oraindik sinatu ez duten herritarrei, «azkeneko deia» egin diete, «sinadura guztiak izango baitira beharrezkoak».
Publiko egin den beste alegazioa herritar batek landu du, eta eskuragarri dago lotura honetan eta albistearen bukaeran gazteleraz. 96 orrialde eta 22 ataletan banatuta, «proiektuari buruzko azterketa kritiko eta informatibo mardula» osatu du, eta bertan, «kalte ekologikoak eta sozialak xehatzeaz gain», azaleratu ditu «egitasmoan nabarmentzekoak diren irregulartasunak, gabeziak, faltsukeriak eta Ikatz Gane poligono eolikoaren egitasmoa bertan behera uzteko dauden arrazoiak».
Alegazio horrekin bat datorrenak, testua izenpetu eta sinatu dezake, eta aukeran dauden bideetatik aurkeztu: presentzialki Donostian, Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailaren ordezkaritzaren bulegoetan (Easo kalea, 10) zein Jaurlaritzak Andia kalean daukan arreta zerbitzuan (aurrez zita eskatuta); eta baita korreo zertifikatu bidez ere. Azkeneko horretarako, alegazioaren testuan bertan ageri da helbidea, eta bi kopia eraman behar dira posta zerbitzura: bata bidaltzeko, eta bestea zigilatuta norberak gordetzeko.