Hernaniko futbol taldeentzat, iritsi da denboraldiko une erabakigarria. Mundarro, denboraldi osoan zehar bezala, sailkapenaren gune lasaian dago kokatuta Gorengoen Mailan, jaitsiera postuei jaramonik egiteko beharrik gabe, baina igoerakoak ere eskuragarri izan gabe.
Euskal Ligako neskak bigarrenak dira sailkapenean. Bi partidu falta zaizkie, eta lehen postua ezin dutenez eskuratu, bigarrena mantentzea dute helburu, agian igoera lortzea suposatuko lukeena. Izan ere hirugarren RFEF kategorian G4 (Euskadi) multzoko liderrak igoera lortzen badu, playoff bidez izango litzatekeena, Euskal Ligako bigarren sailkatuak (gaur-gaurkoz Hernani) zuzeneko igoeraren premia izango luke. Gaur Zubipen jokatzen dute azken-bigarren jardunaldia, 17:45etan, Antiguokoren aurka. Azkenekoa Derion jokatuko dute, maiatzeko lehendabiziko asteburuan.
Gipuzkoako Ohorezko Mailako mutilek, aldiz, guztiz aurkako egoera bizi dute; izan ere, azkenak dira sailkapenean. Bost jardunaldi geratzen zaizkio egoerari buelta emateko, bihartik hasita. Urola taldea jasoko dute Zubipen, 16:30etan, eta garaipena lortzea ezinbestekoa dute berdeek. Salbazioa lau puntura dute oraintxe bertan, eta jokoan 15 puntu gelditzen dira. Helburu zaila, baina posiblea.