Errenta aitorpena egiterako orduan kontuan hartu beharrekoak

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko apirilaren 25a

Ohiko akatsak, aholkuak eta aurreko urtearekiko egon diren aldaketak azaldu ditu Alaitz Telleriak. 

 

Errenta aitorpena egiterako orduan, faktore asko hartu behar dira kontuan, bakoitzaren jarduera ekonomikoa ezberdina da, eta kasuak eta kasuak daude. Horregatik, ohikoa da akatsak egitea, eta ezjakintasunaren ondorioz bakoitzari tokatzen zaion diru kopuru zehatza ez erreklamatzea, besteak beste.

Urumeako herritarrei horrelakorik ez gertatzeko Brintza Aholkularitzako langilea den Alaitz Telleriak hainbat jarraibide eman ditu.  

Ohiko akatsak

Telleriak adierazi duenez, jendeak egiten duen akatsik ohikoena da «ahal diren edo izan dituzten gastu guztiak ez sartzea». Horretarako, gastu guztiak gordetzea garrantzitsua da, dokumentazio guztia gordetzea. Izan ere, «dituzun gastu guztietatik gero eta gutxiago sartzen badituzu, orduan eta okerrago aterako zaizu aitorpena, diru gehiago ordaintzeko emaitza edo diru gutxiago bueltatuko zaizun emaitza aterako zaizu». 

Herritarrek kontuan hartu beharreko faktoreak

Autolikidazio proposamenak jasotzerakoan, tentuz errebisatzean egin du enfasia Brintzako aholkulariak. Orokorrean proposamenak ondo eginda iristen direla esan du, baina «akatsak urtero ikusten ditugu». Gainera, «nahiz eta zure alde izan akatsa, agian urte batzuen ondoren etortzen zaizkizu zuzenketarekin».

Adibide gisa jarri du Telleriak lokala alokairuan jartzen duen jendea; izan ere, Ogasunak badaki lokal horretatik zenbat ingresatzen duzun, eta hori jartzen dute, baina askotan gastuak jartzea falta da.

Arreta jarri behar da ere, «beste urte batzuetako atzerapenak ordaindu badizkizute 2025ean, ea komeni zaizun sarrera hori osorik kobratu duzun urtean jartzea, edo dagozkien urtetan jartzea».

Aurreko urtetik izan diren aldaketak

«Aldaketa dezente» izan dira iaztik,  baina bi dira «esanguratsuenak». Iaz, bananduta zeuden bikoteek, hau da, ezkondu gabe zeudenek, bietako batek seme-alaba adingabeekin batera aitorpena egiteko aukera zuten. Orduan, «jendeak ikusten zuen ea bietako zeini ateratzen zitzaion hobeto haurrekin batera egitea aitorpena, eta hark egiten zuen». Aurten hori desagertu egin da, orain bi gurasoek egin behar dute. 

Etxebizitzen alokairuetan ere aldaketak daude: «Etxebizitza bat alokatzerakoan, izandako sarreren gainean %20ko bonifikazioa aplikatzen zen. Orain %30era igo dute bonifikazioa».

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!