Urtero bezala, zergadunek 2025 urteari dagokion errenta aitorpena burutzeko unea da. 275.000 gipuzkoarrek jaso dute autolikidazio proposamena; hori telefonoz edo internetez onartzeko epea zabalik dago, uztailaren 2ra arte: ados egotekotan onartu baino ez da egin behar, bestela, aldaketak egin ondoren onartu behar da. Telefonoz aldatu daitezkeen aldagaiak dira etxebizitza errentan emateagatik lortutako etekinak, lokalak errentan emateagatik lotutako etekinak, kuota sindikalaren kenkaria, dohaintzen kenkaria, ohiko etxebizitza errentan hartzeagatik aplikatutako kenkaria, errentatzailearen birgaitze babestuaren kenkaria eta gizarte aurreikuspeneko sistemei egindako ekarpenengatik (BGAE) aplikatutako kenkaria. Gainera, beste edozein aldagai alda daiteke «modu berritzaile eta errazean», proposamena ZergaBidean jaitsiz.
Autolikidazio proposamena jaso duten nafarrek ere, ados egonez gero, onartu baino ez dute egin behar. Ados ez daudenek, beste aitorpen bat egin beharko dute, edo besterik gabe errefusatu, egitera behartuta ez daudenen kasuan. Aldatu behar direnak helbideratze-kontuaren zenbakia edota zerga-esleipena badira, ez da beharrezkoa aitorpen berria egitea, internet bidez ('helbideratze-kontua aldatzea' eta '%0,7ko zerga-esleipena aldatzea' tramiteen bitartez) edo 948 10 61 06 telefonora deituta burutu daiteke aldaketa.
Errenta aitorpena egiteko, hamaika modu
Proposamenik jaso ez dutenek, errenta aitorpena egin beharko dute. Gipuzkoan bi modutara egin daiteke; era mekanizatuan edo internet bidez. Modalitate mekanizatuan, zergadunak dokumentazioa eraman behar du Errenta Mekanizatuko Bulego batera (gertuena Hernanin bertan dago), eta bertan teknikari batek autolikidazioa egiten lagunduko dio. Printzipioz, zergadun orok burutu dezake aitorpena modalitate horren bitartez. Bulegora joan ahal izateko, hitzordua eskatu behar da aurretik, telefonoz 943 11 30 00 zenbakira deituz edo ogasuneko webgunean, 'errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea' atalean. Behin zita edukita, bulegora eraman beharreko dokumentuak dira kontu korronteko IBAN kodea, sarrera, gastu, murrizpen, kenkari eta abarren egiaztagiriak, eta enpresaburu zein profesionalen kasuan, zuzeneko zenbatespenaren agiria.
Beste aukera internet bidezkoa da. Zergadunei (partikularrak, enpresariak eta profesional autonomoak) eta ordezkari profesionalei (aholkulari eta kudeatzaileak) zuzenduta dago. Prozedura hiru pausu jarraitzean datza, Zergabidea plataformaren bidez. Plataformara sarbidea bi eratara lortu daiteke, BaKQ kodea erabiliz edo Ziurtagiriaren bidez.
Behin plataforman, lehenik eta behin errenta aitorpena osatu behar da, zuzenean Zergabidean datuak sartuz edo zerga informazioa webgunetik jaitsiz, ondoren programan sartzeko.
Bigarren pausua transmititzea da. Hori, zergadunen kasuan, kontraste datu bat (aurreko urteetako errenta aitorpen baten kuotaren zenbatekoa edo autolikidazio proposamenaren kodea) sartzean datza, BaKQ edo Ziurtagiria erabiliz. Ordezkari profesionalen kasuan, Zirutagiria erabiliz eman beharko dute pausua.
Transmisioaren kontraste gisa pasahitz operatiboa edo sinadura elektronikoa erabili dutenek eta ohiko etxebizitza aitorpenaren urtean erosita ez dutenek naiz aitorpenean adierazitako datuak eta Zerga Informazioa zerbitzuan jasotakoak berdinak badira, transmititzea burutzean amaitutzat eman daiteke errenta aitorpena.
Bestela, azken pausua eman behar da, frogagiriak aurkeztea. Zergadunek bi aukera dituzte, internet bidez (lehenetsia) edo presentzialki. Internet bidez egiteko, aurrenik, frogagiriak eskaneatu behar dira fitxategi bat edo bat baino gehiago lortzeko. Horren ondoren, ZergaBidearen gune urdinetik aitorpena hautatu behar da eta fitxategiak erantsi. Presentzialki egiteko bulegoetan entregatu daitezke frogagiriak, DINA4 tamainako gutun-azal zuri baten barruan. Gutun-azalaren kanpoaldean IFZ eta izen-abizenak jarri behar dira. Gutun-azalarekin batera, autolikidazio orriaren bi kopia entregatu behar dira, ZergaBidearen gure urdinetik eskuratuko direnak. Ordezkari profesionalen kasuan, aukera bakarra internet bidezkoa dute, aurretik azalduta bezala eginez.
Autolikidazio proposamenik jaso ez duten nafarrek ere aukera anitzak dituzte aitorpena egiteko; online, telefono bidez edo aurrez aurre. Online egiteko, NANa eta PINa, Cl@ve, edo Ziurtagiri digitala behar dira identifikazio eta sarbide modura. Bestalde, aitorpena egiteko datuak ere behar dira, noski. Beraz, nafarroa.eus webguneko 'Errenta eta Ondarearen kanpaina 2025' atalean (hasiera orrian dago, erdialdean), 'errenta online' sakatu eta, bertan, informazio osoa izateaz gain, errenta online egiteko aukera dago.
Telefono bidez aitorpena egiteko aukera ere badago, internet bidez eskatu daiteke hitzordua horretarako (NANa eta PINa, Cl@ve, edo Ziurtagiri digitala erabiliz identifikatzeko), baita 946 10 61 06 telefono zenbakira deituta ere. Horrela, Nafarroako Foru Ogasunak egingo luke aitorpena, telefonoz esandako datuekin, ezarritako egunean eta orduan, teknikari bat harremanetan jarriko da aitorpena egiteko, 946 10 61 06 telefono zenbakitik deituta. Garrantzitsua da ordurako Ogasunak lortu ezin ez dituen datuak prest izatea.
Azkenik, aurrez aurre egin daiteke aitorpena. Horretarako, hitzordua eskatu behar da, internet bidez (NANa eta PINa, Cl@ve, edo Ziurtagiri digitala erabiliz identifikatzeko) edo 946 10 61 06 telefono zenbakira deituta. Ondoren, dokumentazioa prest izan behar da, adostutako egunean eta orduan bulegora eramateko. Nafarroako urumearren kasuan, Donezteben dago gertukoena. Bertan, teknikari baten laguntzarekin egingo da aitorpen osoa.
Aitorpena euskeraz, Urumean
Hernaniko zein Astigarragako udalek, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin batera, horien herritarrei gonbita luzatu diete, errenta aitorpena euskaraz egiteko. Hernanin iaz errenta aitorpenaeuskeraz egin zuten herritarren %24ak.
Astigarragako Udalak informazio-eskuorri bat banatu du etxebizitza guztietan, zeinean errenta aitorpena euskeraz burutzeko eskaera egin zaien herritarrei. Iaz, astigartarren %19ak egin zuen euskeraz aitorpena.
Urumeako herri horietan kopurua zertxo bait igo zen iaz, baina «oraindik baxua da».