Ez da produktu kimikoen biltegirik eraikiko Lastaola poligonoan. Hala ziurtatu du Hernaniko Udalak, ez baitio jarduera lizentziarik emango K-Norte enpresak aurkeztutako proiektuari: «Azkeneko hilabeteotan, Udalak aztertu du Lastaola poligonorako izapidetzen aritu den produktu kimiko arriskutsuen biltegiaren proiektuaren espediente administratiboa. Egindako azterketa tekniko osoaren ondoren, ondorioztatu da proiektua ez dela bateragarria indarrean dagoen Hernaniko hirigintza arau orokorrarekin, eta beraz, ezin dela udal lizentziarik eman jarduera baimentzeko», azaldu du.
Izan ere, Udalak dio hirigintza arauek aurreikusi behar dituztela «gisa horretako industria jarduerentzako eremu espezifikoak», eta Hernanin, lehendik daudenez gain, ez dela aurreikusten eremu berririk. «Beraz, ezinezkoa da Hernaniko udalerrian industria arriskutsu gisa kategorizatutako proiektuak baimentzea, plangintza orokorrean arautu gabe».
Udalak jakinarazi duenez, 2024ko ekainean aurkeztu zuen proiektua K-Norte enpresak udaletxean. «Proiektua bere administrazio-prozeduraren arabera landu da, aurretiazko analisiak egin ondoren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa eskatu da, eta jendaurreko erakustaldia ireki da, alegazioak aurkezteko epea barne, apirilaren 10ean bukatu zena».
Azaldu du, era berean, «espedientearen berrikuspen integrala» egin dutela Udaleko zerbitzu teknikoek, «jarduera arriskutsua dela eta». Lanketa horretan, aztertu dute «jarduerari aplikatu beharreko araudi sektoriala eta arau subsidiarioen arteko bateragarritasuna». Berrikuspen horren ondorioz, egiaztatu dute «aurkeztutako jarduerak ez dituela betetzen indarreko araudi orokorrean ezarritako baldintzak, eta ondorioz, ezin dela udal lizentziarik eman».
Azkenik, Udalak aurreratu du erabaki honen berri emango diela, proiektuari alegazioak aurkeztu dizkiotenei.