Astigarragak hirugarren izarra eta Hernanik laugarrena, Zero Zaborren

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko apirilaren 23a

Horrela, Hernani Euskal Herriko izar gehien dituen herria da, Usurbilekin batera, «aitzindari izanik».

 

Zero Waste Europe eta Mission Zero Academy (MiZA) elkarteek hirugarren izarra eman diote Astigarragari, eta laugarrena Hernaniri, Europa udalerrientzako Zero Zabor ziurtagirian (gehienekoa bost izar dira). 2023an, ekimena bultzatu zenean, Astigarragari bi izar aitortu zitzaizkion, eta Hernaniri hiru; gaur egunera arte emandako aurrerapausuei esker, izar bat gehiago jaso dute Urumeako bi herriek.

Proiektuaren helburua da zero hondakinerako trantsizioa bizkortzea eta ekonomia zirkularra Europako herri zein hirietan ezartzea. MiZA da udalerrietako azterketa egiteko arduraduna; bete beharreko eta baliogarri diren irizpideak aztertzen dituzte, behin betiko puntuazioak ezartzeko.

Astigarragako alkatea den Xabier Urdangarinek esan duenez, 2023an bi izar jaso ondoren, Astigarragak hainbat konpromiso hartu behar zituela konturatu ziren, hala nola hondakinen prebentzioan, sentsibilizazioan, konpostaren zein birziklapenaren sustapenean eta baliabideen kudeaketa iraunkorran. «Horiek betetzeko ahaleginak eta politikak gauzatu dira».

Urdangarinen hitzetan, zero hondakinetarako bidea ez da soilik kudeaketa eredu bat, bizi filosofia bat baizik: «Ahalik eta hondakin kopuru baxuena sortuz, produktuak murriztuz, berrerabiliz eta birziklatuz eta kontsumoa birpentsatuz, ingurumenean duen inpaktua murriztea lortzen da».

Azkenik, hondakinen bulegoaren garrantzia nabarmendu du Astigarragako alkateak: «Hondakinen bulegoa lan-egun guztietan irekita egoteak eta herritar zein enpresekin harreman zuzena izateak bere fruituak ematen ditu. Herritarrak kontzientziatu eta sentsibilizatzeko, ezinbestekoa da horrelako zerbitzuak eskaintzea».

Hernaniren kasuan, atez ateko sailkako bilketa, konpostaje deszentralizatua (etxeko zein auzo konposta), edota sortzeaz besteko ordainketaz gain, «azken urteetan Zero Hondakinen Estrategian egindako urrats garrantzitsuak» nabarmendu ditu MiZAk.

Gainera, Zero Zabor bidean, azken urtetan zenbait proiektu berri sortu ditu Hernaniko Udalak, besteak beste, Trukehernani.eus webgunea, Askeklimako tailerrak, merkataritza arloan sortzez besteko sistemaren ezarpenean egindako aurrerapenak eta autokonponketa tailerra.

Hernaniko alkatea den Xabier lertxundik adierazi bezala, helburua bostgarren izarra lortzea da, eta hori lortzeko bidea egitea «erronka polita» izango da: «Hernaniko Udalaren helburua zero zabor bidean jarraitzea da,  hondakinen kudeaketan eta proiektuetan etengabeko hobekuntza sustatuz». Zero Waste auditoriak egindako proposamenak horretarako «lagungarri» izango direla nabarmendu du Lertxundik. Zehazki gomendatu dute « enplegu eta kontratu publiko guztietan hondakinen kudeaketarekin lotutako ingurugiro klausulak sartzea edota sortzez bestelako ordainketa etxebizitzetan ere aplikatzea».

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!