Kubari laguntzeko ekintzak antolatu dituzte eragile ezberdinek bailaran, aste honetarako

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 22a

Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistako kideak, material bilketaren kartelekin.

Kontseilu Sozialistak material bilketa egingo du Astigarragan eta Hernanin, larunbatean; eta Garin tabernan solasaldia, mojitada, eta disko jartzailea izango dira ostiralean, dirua biltzeko.

Ameriketako Estatu Batuek Kubari ezarritako blokeoaren aurrean, elkartasun ekintzak jarri dituzte martxan Urumea bailaran, Kubari laguntzeko.

Horrela, Hernanin eta Astigarragan oinarrizko materialen bilketa egingo dute larunbatean, Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak antolatuta, Ikasle Antolakunde Sozialistarekin eta Euskadi-Cuba elkartearekin batera.

Astigarragako bilketa Joseba Barandiaran plazan egingo dute, goizeko 10:00etatik 13:00etara; eta Hernanikoa Plaza Berrin, 11:00etan hasi eta 13:30ak arte.

«Kuba muturreko egoeran da­­go AEBen blokeo kriminalaga­tik. Herrialde sozialista izanik, laguntza eta elkartasuna zabaldu du munduko hainbat tokitara. Orain, guri dagokigu elkartasuna antolatzea Kubako herriarekin. Euskal Herriko langileria deitzen dugu bilketetan parte hartzera», adierazi dute Kontseilu Sozialistatik. 93 herritan jarriko dituzte bilketa puntuak; tartean, Buruntzal­deako bost udalerrietan.

«Hamarkadetan zehar jasan behar izan du Kubak AEBek ezarritako blokeoa, baina azkenaldian blokeo horretan sakondu nahi izan dute Trumpen politikek. Itzalaldiak eta erregaiaren eskasia ohiko errealitate bilakatu dira, eta eguneroko bizitzaren arlo guztiak kaltetzen ari dira, horien artean garraioa, elikagaiak zein ura eskuratzeko aukera, osasungintza eta hezkuntza».

Horregatik antolatu dute ma­terial bilketa, irlara bideratzeko. Honakoak bilduko dituzte: material sanitarioa (medikamentuak, produktuak, eki­­po me­di­kuak, tresneria eta baliabide kirurgikoak, es­kula­rru­ak, preserbatiboak...), eli­­ka­du­­ra osaga­rriak (bitaminak, mi­ne­ralak, gantz-azidoak), elika­­gai ez galkorrak (latako jana­ria, arroza, zerealak, lekaleak, pasta, esne-hautsa, fruitu lehorrak, olioa, tomatea briketan...), higiene ma­teriala (konpresak, tampaxak, toallatxoak, pixohialak...), kirol materiala (baloiak, pelotak, erraketak, bizikletak, kirol arro­pa...), ikasmateriala (arkatzak, boligrafoak, pintura eta erro­tuladoreak, txorroskilloak, guraizeak, koadernoak...), eta gar­bitzeko materiala (erratzak, fregonak, trapuak, biberoiak garbitzekoak...).

Solasaldia eta mojitada Garinen, ostiralean

Aurretik, ostiral honetan bertan, egitarau berezia prestatu dute Hernaniko Garin herriko tabernan, 'Argia eta indarra Kubarentzat' kanpaina sostengatzeko. Solasaldia izango da aurrena, Euskadi-Cuba elkarteko bi kideren eskutik, Endika Guarrotxena eta Antonio Merlan. Eta ondoren, mojitada egingo dute Garinen, DJ Siwanabak girotuta. «Ahalik eta ekarpen ekonomiko haundiena egiteko asmoa dugu; beraz, gerturatu eta adierazi zure elkartasuna Kubarekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!