Ostegun arratsaldean izango da Bota Bertsoa! lehiaketaren sari banaketa, Urbieta kalean

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 21a

Iazko sarituetako bat, bere bertsoa kantatzen.

Sari ugari banatuko dituzte 18:30etan hasiko den ekitaldian, eta Iker Ormazabal 'Tturko' eta June Aiestaran bertsolariek girotuko dute.

Izan dute lan ederra Dobera Euskara Elkarteko kideek, Bota Bertsoa! lehiaketako sarituak aukeratzen (bertso batzuen letra ulertzen ere bai, bide batez). Baina dagoeneko hautatu dituzte irabazleak, eta ostegun honetan egingo dute sari banaketa ekitaldia, arratsaldeko 18:30etan hasita, Urbieta kalean.

12garren edizioa du bertso-paper lehiaketa herrikoiak, eta sekulako partehartzea izan du, beste behin: denera 131 bertso utzi dituzte adin eta txoko guztietako partehartzaileek, Hernaniko eta Astigarragako 18 sagardotegitan jarritako kutxetan. Larre Gainek bildu ditu bertsolari afizionatu gehien aurtengoan: 19 bertso pilatu ditu bertako kutxak.

Jasotako bertso guztien artean 19 sarituko dituzte etzi: sagardotegiek emandako sagardo kaxak, latak eta otorduak; eta 'Desobedienteak 18/98' antzelanerako (maiatzaren 7an eskainiko dute, Biterin) bi gonbidapen, Hernaniko Udaleko kultura sailaren eskutik.

Bertso onak, txukunak eta halamoduzkoak

Saritutako bertsoak entzuteko aukera izango da ekitaldian bertan, batzuk txukunak, beste batzuk halamoduzkoak... Bertso onak jartzeaz eta ekitaldia girotzeaz beste bi bertsolari arduratuko dira: Iker Ormazabal 'Tturko' eta June Aiestaran.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!