Astigarragan ere dantza izango da protagonista gaurkoan, Gazteen Aurresku Txapelketarekin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 19a

Ixone Lorenzo lezoarra eta Haizea Arin ataundarra aurreskua dantzatzen, martxoan Biterin, Hernaniko saioa irabazi ondoren.

Goizeko 11:00etan izango da, Erribera kulturgunean, Hernaniko kaleetan Dantzari Asteko egun nagusia ospatzen duten bitartean.

Dantzari Asteko ospakizunetan murgildu zen Hernani atzo, San Joan Konpartsaren eskutik; eta gaurkoa izango du egun nagusia. Euskal Herri osoko 19 dantza talde ibiliko dira herriko kale eta plazetan barrena, goizeko 10:45etatik aurrera, Hernaniko musikarien eta erraldoi eta buruhaundien laguntzaz. Eta Plazan elkartuko dira denak eguerdian, 13:15etan dantza emanaldia eskaintzeko, txalaparta doinuek, irrintziek eta bertsoek lagunduta. Ondoren, bazkaria egingo dute Atsegindegin, eta erromeriak borobilduko du eguna arratsaldean.

Baina Hernanin ez ezik, Astigarragan ere dantzak izango du protagonismoa gaurkoan. Izan ere, Gazteen Aurresku Txapelketa egingo dute Erribera kulturgunean: goizeko 11:00etatik aurrera, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatuta, Aurresku Ligaren baitan.

Doakoa izango da sarrera, eta bi adin tartetako dantzarien saioa ikusiko dute bertaratuek. D sailekoak ariko dira aurrena, 2011 eta 2012 urteetan jaiotakoak, eta 'Graziana' eta 'Aurkez aurke' dantzak eskaini beharko dituzte. 12 partehartzaile izango dira maila horretan, ondorengo ordenean: Maddi Arrastoa (Amasa-Villabona), Jon Alberdi (Legazpi), Intzara Gurrutxaga (Areso), Nora Escudero (Legazpi), Aiara Abu­ruza (Aduna), Alaitz Agirre (Legazpi), Araitz Berasategi (Legazpi), Ixone Lorenzo (Lezo), Izadi Arbelaitz (Errenteria), Nora Davila (Zizurkil), June Aguado (Villabona) eta Luka Serrano (Lezo).

Haiek bukatzean, B sailekoek (2013-2015 urteetakoek) hartuko dute txanda, eta beste 12 dantzari igoko dira taula gainera, 'Erribera' eta 'Legazpi Zortzikoa' dantzatzera: Xabier Nabaskues (Donostia), Haizea Arin (Ataun), Ane Perez (Lezo), Amale Mitxelena (Errenteria), Jare Urretabizkaia (Errenteria), Nerea Etxeberria (Amasa-Villabona), Malen Ibargoien (Hondarribia), Xalbat Maya (Errenteria), Paule Bergara (Villabona), Maier Elizondo (Errenteria), Lide Sagarzazu (Hondarribia) eta Manex Bikuña (Ataun).

Epaimahaia osatuko dute Jo­se Luis Vallejok, Katerin Artolak eta Nahikari Vizuetek.

Hernanin martxoan egin zuten Aurresku Ligako saioa, eta orduan ere B eta D sailetako dantzariak aritu ziren Biterin. Haizea Arin ataundarrak irabazi zuen B sailean, eta Ixone Lorenzo lezoarrak D sailean. Erriberan ere ariko dira biak gaurkoan, lorpena errepikatu nahian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!