Ia 40 urteren ondoren Realak publikoaren aurrean final bat jokatuko du bihar, Sevillako Cartuja estadioan, Atletico Madrilen aurka. Urumea bailarako jendearen artean ilusioa nabari da, banderaz jositako balkoiak baino ez dira ikusi behar.
Horixe berretsi dute Astigarragako eta Hernaniko hainbat realzalek: CD Hernaniko futbolariak diren Sara Riverok eta Naiara Valdebenitok, Mundarroko lehendakaria den Jon Goiburuk eta koordinatzailea den Xabi Zubiarrainek, Lagarti eta Julen Lekuona Portuko auzotarrek, eta Astigarragako Aurrera Txuri Urdinak Laguntaldeko idazkaria den Ixiar Aizpuruak, hain zuzen.
Horietako bakoitzak Reala bere modura bizi du, Realarekin lotutako bizipen ezberdinak izan ditu; batzuek estadioan biziko dute partidua, beste batzuek, akaso, Sevillako 'fanzone'an, Urumea bailaran bertan biziko duenik ere bada. Baina guztiek dute horrelako une historiko bat bizitzeko ilusioa, eta kopa Gipuzkoara ekarriko duten ziurtasuna.
CD Hernaniko neskak, Sevillara
CD Hernaniko neskentzat denboraldi borobila izan daiteke; lehen taldea igoera lortzeko ari da lehiatzen, eta bigarrengoak maila mantenduko duela dirudi. Bi horiek gertatuz gero, eta Realak bihar finala irabazita, ez da izango CD Hernanin pozik egongo ez denik.
Sara Rivero Euskal Ligako futbolariak kontatu duenez, nahiz eta bera Sevillara ez joan, ilusioz beteta dago. Bere taldekideen artean, gutxi gorabehera erdiak joango dira Andaluziara, eta entrenamenduetan pil-pilean dagoen gaia da finala.
Bestalde, Naiara Valdebenito Gipuzkoako Ohorezko Ligako futbolaria, autoan dijoa Sevillara, eta autobusean egingo du itzulia. Ezin izan du lortu zelairako sarrerarik, 'fanzone' an biziko du finala beraz.
Mundarroko gaztetxoen zirrara
Mundarron ere adin guztietako jendearengan nabari da ilusioa, txikienetatik hasi eta zaharrenetara iritsi arte, denetakoak joango baitira Sevillara. Hala azaldu dute klubeko lehendakaria den Jon Goiburuk eta koordinatzailea den Xabi Zubiarrainek.
Goibururi, nahiz eta Realak irabazitako ligak zein Zaragozako kopa bizi izan zituen, biharko zitak zirrara berbera eragiten dio. Klubeko pertsona mordoa Sevillara dijoala ere nabarmendu du, eta ez futbol sailekoak soilik.
Zubiarrainek, aste honetan zehar, Zarkumendegi futbol zelaian ilusioa nabaritu du, batez ere txikienen artean; harrituta geratu da koordinatzailea Sevillara dijoazen ume kopuruarekin. Bestalde, biek argi dute zita honek, Realak irabazi edo galdu, ospatzea merezi duela; hor egote hutsa ospatzekoa baita.
Xabi Zubiarrain Mundarroko koordinatzailea eta Jon Goiburu lehendakaria.
Portuko umeek, ilusioa
Portu auzoan nolako giroa dagoen azaldu dute bi auzotarrek, baina ez edozeinek, Lagartik eta Julen Lekuonak baizik. Biak Portuko jai batzordeko kideak dira. Lehenengoa, Anoetan gola denean, etxeferoak botatzen dituen pertsona da; San Joanetan ere botatzen dituen bezala.
Bigarrenak, istorio berezia duen autobusa antolatu du, auzotarrak Sevillara eramango dituena. 1987ko finala (Realak zaleen aurrean irabazi zuen azkena) ikustera eraman zituen Portuko entrenatzaileak bera eta bere taldekideak, autobus batean. Orain, berak berdina egin nahi izan du, umeen aurpegiak ilusioz betetzeko asmoarekin.
Biak batera joango dira Sevillara, Cartuja estadioan aurrez aurre partidua bizitzera. Autobusa aparkatzeko tokia lortu dute, 'fanzone'aren alboan. Bertan igaroko dute eguna, umeekin; gero, kalejirarekin batera futbol zelaira joango dira.
Realarekin, betidanik
Peña bateko kideek Realarekin bidaia ugari eta oso bereziak egiten dituzte; baina Astigarragako Aurrera Txuri-urdinak Laguntaldeko kideentzat, biharkoa izango da bereziena. Ixiar Aizpurua da peñako idazkari nagusia; ezin izango du Sevillara bidaiatu, baina peñakoen artean gogoa nabaritu du. 1987ko txapelketa ere gogoan du Aizpuruak, bere etxean beti realzaleak izan dira, eta final hori bizi zuten oroimena du. Aurten irabaziz gero, peñakideeen artean kamixetak zozketatzeaz gain, bodega batera joateko intentzioa dute, garaipena ospatzera.
