Elkarbidean Programa 2026, bidaiak desgaitasuna duten pertsonentzat

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko apirilaren 16a

Fuengirola (ekainak 2-9), Salou (ekainak 13-27), Benidorm (uztailak 18-25), Tenerife (uztailak 21-abuztuak 10) eta Calpe (irailak 13-23) izango dira aurtengo udarako norakoak.

 

Elkartuk, aurten ere, Elkarbidean Programa antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketak eta Gizarte Politiketako Departamentuarekin lankidetzan. Helburua da desgaitasuna duten pertsonen aisialdirako eskubidea bermatzea.

Horrela, desgaitasun fisikoa, organikoa edo sentsoriala duten pertsonei zuzendutako hainbat bidaia-txanda eskaintzen dira programan, ekaina eta iraila bitartean: Fuengirola (ekainak 2-9), Salou (ekainak 13-27), Benidorm (uztailak 18-25), Tenerife (uztailak 31-abuztuak 1) eta 
Calpe (irailak 13-23).

Pertsona horiek, «programa honengatik ez balitz, ezingo lukete berdintasunez bidaiatu»; izan ere, egonaldiak, garraio eta jarduera irisgarriak, baliabide pertsonaletara egokitutako prezioak eta beharrezko laguntza pertsonal eta teknikoak eskaintzen dira. 2025ean ere bost txanda antolatu ziren, eta desgaitasuna zuten 76 pertsonak eta 82 laguntzailek hartu zuten parte. Halaber, antolatzaileek iragarri dutenez, %91,1ak oso ontzat edo ontzat jo zuen esperientzia.

Izena eman ahal izango dute 16 urte baino gehiagoko desgaitasuna duten pertsonek, apirilaren 24a (ostirala) azken eguna izanik. Izen-ematea ekartura joz edo www.elkartu.org webgunearen bidez egin daiteke.

Desgaitasun haundiagoa, mu­gikortasun murriztua edo diru-sarrera eskasak bezalako behar bereziko egoerak dituzten pertsonek lehentasuna izango dute. Salbuetsita geratzen dira, ordea, osasun zerbitzu bereziak behar dituzten gaixotasun egoeran dauden pertsonak, baita elkarbizitza aztoratu dezaketen nahasmenduak dituztenak ere.

Eskaera egin duenak mendekotasun egoera aitortua duenean, laguntzaile egoki batekin bidaiatu beharko du, bidaia-kostuaren %5 ordainduz. Egoera hori aitortua ez badu, laguntzailerik behar ez duela ulertzen denez, kostu osoa ordaindu beharko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!