Erritmo bizi-bizia hartu dute izenemateek, Goizutrailerako eta Ereñotzuko Mendi Lasterketarako

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 15a

Hainbat korrikalari, joan den urteko Goizutrail hasi berritan.

Maiatzaren 16an eta 30ean izango dira bi lasterketak, hurrenez hurren; eta aspaldi gainditu zuten biek kupoaren erdia. 'RockTheSport.com' plataforman eman behar dute izena partehartzaileek.

Beste urte batez, mendi lasterketen hilabetea izango da maiatza, Urumea bailaran. Hilabete barru, hilaren 16an jokatuko da Goizutrail, eta bi aste beranduago Ereñotzuko Mendi Lasterketa, maiatzaren 30ean. Bietan apuntatzeko epea zabalik dago 'rockthesport.com' webgunean, eta erritmo bizi-bizia hartu dute izenemateek, bi kasuetan kupoaren erdia aspaldi gaindituta. 

Goizutrailen bi distantzia izango dira aukeran, aurtengoan ere: proba luzea, 26 kilometrokoa; eta laburragoa, 11 kilometrokoa. Joan den urtean aldatu zuten ibilbide luzea, eta oraingoan ere Loitzatera eta Beltzuntzara joango dira korrikalariak. Proba laburra egiten dutenek Eneko Elorrira iritsiko dira, Goizuetara bueltan abiatu aurretik. Izenematea 25 euro dira luzerako, eta 20 euro laburrerako. Goizuetarrek 5 euroko deskontua dute bi kasuetan.

Ereñotzuko Mendi Lasterketak, berriz, ohiko 11,75 kilometroko ibilbidea izango du, Aiako Harria parke naturalean barrena. Izenematea 18 euro dira, eta 135 lagun apuntatu dira dagoeneko. Hortaz, 65 dortsal bakarrik geratzen dira, oraindik hilabete eta erdi falta denean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!