Bihartik larunbatera izango da Frankfurteko CiderWorld azoka, Europako sagardo ekitaldi garrantzitsuenetakoa; eta bisitariek erdi-erdiko postuetan topatuko dituzte Astigarragako hiru sagardotegirenak: Gurutzeta, Petritegi eta Zapiain.
Izan ere, Gipuzkoa da herrialde gonbidatua aurtengo ekitaldian, eta hiru sagardotegi astigartarrak izango dira bertako sagardogintzaren ordezkariak. Astelehen goizean elkartu ziren Zapiainen, Sagardoetxeako, Astigarragako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin batera, albistea emateko.
«Mundu osoko sagardoentzako topagunea da, eta beraz, sagardoaren kulturaren eskutik, ekitaldi garrantzitsua eta estrategikoa izango da, Gipuzkoa nazioartean ezagutarazteko Europako sagardo helmuga garrantzitsu gisa, eta bere aberastasun turistikoa, gastronomikoa eta kulturala», azaldu zuten.
Xabier Urdangarin alkateak nabarmendu zuen, kontu hau ez dela berria: «Sagardotegiak aspalditik ari dira egiten ahalegina nazioarteko azoketara joanez, gure sagardogintza ezagutzera emateko eta munduko beste sagardotegietatik ikasteko».
Azahara Dominguez diputatuak, bere aldetik, adierazi zuen «bereizgarri garrantzitsua» dela Frankfurteko azokan gonbidatu berezia izatea, «eta ez bakarrik sektorearentzat, baita lurralde osoarentzat ere, Gipuzkoa Europa osoan kokatzeko».
Jon Zapiain izango da Frankfurten egongo den sagardogileetako bat: «Erreferentzia bilakatu den azoka bat da, eta gauza ederra da gonbidatu bereziak izatea aurten. Hortaz, misioa pixka bat zailagoa daukagu oraingoan. Stand zentrala izango dugu, bi kata berezi eskaini beharko ditugu, eta baita 100 lagunentzako afari bat ere. Gure sagardogintzaz gain, gure kultura eta gastronomia ere erakutsiko ditugu».
Ostegunean izango da afari berezi hori, Frankfurteko Bornheimer Ratskeller jatetxean; eta hainbat kupel jarriko dituzte bertan, sagardoa txotxetik dastatzeko, bertaratuek Gipuzkoako sagardotegi tradizional bateko esperientzia ezagutu dezaten. Horren aurretik, turismoari buruzko lan bilera gidatuko dute Aldundiko turismo saileko ordezkariek.
Ostiralean, berriz, sagardoari buruzko hitzaldiak izango dira, eta horietako bat eskainiko du Sagardoaren Lurraldeak, «Gipuzkoako sagardotegiei, sagardoaren kulturako esperientziei zein sagardoaren kulturari buruz». Egun berean izango da CiderWorld'26 Award lehiaketaren sari banaketa, eta ondoren egingo dute sagardo dastaketa gidatua Zapiaineko, Petritegiko eta Gurutzetako ordezkariek, Apfelweinkontor sagardotegian; Frankfurteko eraikin zaharrenean, alegia.
Larunbatean izango da nazioarteko sagardo azoka, ekitaldiari bukaera emateko; eta bertan eskainiko dute bigarren dastaketa, Euskal Sagardoa jatorri izendapeneko sagardoekin.