1.815 sinadura bildu ditu Ikatz Ganeren kontrako herri helegiteak, eta 2.500era iristeko erronka jarri dute

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko apirilaren 14a

Batzar informatiboa egingo dute ostegun honetan Ereñotzun, eta Hernaniko ferian izango dira datorren astean, azkeneko sinadurak biltzen.

 

Herritarren «erantzun ederra» goraipatu du Urumeako Mendiak Bizirik plataformak, Ikatz Gane proiektu eolikoaren aurrean. Herri helegitea argitara eman eta sinadurak biltzen hasi zirenetik, dagoeneko 1.815 lagun dira helegitea sinatu dutenak, eta erronka jarri dute azkeneko asteotarako, aurkeztu aurretik: «Ez dugu konformatu nahi! 2.500 helegite aurkeztera heldu nahi dugu, azken txanpako olatuari eutsi nahi diogu!».

Horretarako, apirilaren 23an berriro jarriko dute postua Hernaniko ferian, goizeko 11:00etatik 14:00etara; eta beste edozein egunetan ere sinatu daiteke, honako tokietan: Hernaniko Garin eta Kide tabernetan, Makoki ileapaindegian, Sagastiberri estankoan eta Herrilur dendan; Ereñotzuko Auzo Udalean, dendan eta Irrintzi tabernan; Aranoko udaletxean; Goizuetako Amaia kafetegian; Urnietako Matxo tabernan; Donostiako Marruma, Belfast eta Kaxilda tabernetan, eta Herrerako Zumardin; Tolosako Arri Studioan; eta Leitzako Maimur liburudendan. Internet bidez ere bidali daiteke orria sinatuta, umbizirik@gmail.com helbidera.

«Feriako ekimenak harrera izugarria izan zuen, ehundaka herritar etorri zineten karparen ingurura, bata bestearen atzetik; herriz herriko sinadura puntuetatik maiz deitu gaituzue orri gehiago eramateko eskatuz; eta emaila irekitzen dugun aldiro dago mezu berriren bat», goraipatu dute.

Batzar informatiboa etzi, 
Ereñotzuko ludotekan

Ikatz Gane proiektuaren inguruan, bestalde, batzar informatiboa antolatu dute Ereñotzun, ostegun honetarako. Ludotekan izango da saioa, arratsaldeko 19:30etan hasita; eta bertan aztertuko dituzte proiektuaren kokapenak, bideak, planoak...

Larunbaterako, berriz, beste deialdi bat zabaldu dute UMBtik. 'Lurraren defentsan' ekimena izango da Uliako Mintegien Parkean, 11:00etatik aurrera egun osoan; eta bertan egongo dira sinadurak biltzen. Gainera, 17:00etan izango den liburu aurkezpenaren ('Lehen astinduak; iraultza ekologista bat') ondorengo solasaldian hartuko du parte UMBk.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!