Astigarragako bigarren mailako taldeak igoera lortu du, xakean

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko apirilaren 12a

Astigarragako bigarren mailako taldea, igoera lortu ostean.

Kategorian berria zen preferenteko taldea laugarren geratu da. C taldea, play-offa jokatzetik gertu.

Astigarragako Xake Klubak lau talde izan ditu Gipuzkoako liga ezberdinetan lehiatzen aurten, errekorra hautsiz; izan ere, lehen aldia da hainbeste talde aritzen dela lehian klubean. Preferentekoak (probintziako mailarik gorenekoak), laugarren postuan amaitu du liga, iaz mailaz igo ostean. Bigarren mailako taldeak lehenengo mailara igotzea lortu du, azkeneko jardunaldian garaipena lortu ondoren. Hirugarren mailan klubeko bi talde aritu dira lehiatzen. Astigarraga C taldea igoerako play-offak jokatzetik gertu egon da. 

Iosu Used eta Haritz Moreno astigartarrek ere ez dute igoera urrun izan Gros Xake Taldearekin, lehenengo mailan. Moreno aurtengo jubenilen xake txapelduna da, eta Used alebin mailako txapeldunordea.

 

Gaztetxo hernaniarrak,  errekorrak hausten

«Gipuzkoako xakearen historian sekula eman ez den egoera bateko protagonista» izan dira Ekai Legorburu eta Asier Ezkai hernaniarrak. Infantil adineko jokalariez osatutako talde batek (Gros Xake Taldea, Legorburu eta Ezkairen taldea) Gipuzkoako bigarren mailako liga irabazi eta igoera lortu du. Horrez gain, infantil mailako Gipuzkoako txapeldunorde geratu dira taldeka, eta hurrengo erronka dute Euskadiko txapeldun izateko lehian aritzea.

Bestalde, Bergarako Zaleak taldeko Jon Altuna 'Oxan' hernaniarrak le­henengo mailari eutsi dio, jaitsierako play-offean «paper ederra» egin ostean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!