Berria Txapelketako lehen bi semifinalistak ezagutu genituen Galarretan larunbatean, txapelketaren laugarren jardunaldian. Horien artean da Mattin Arluziaga hernaniarra, bere kide Xabi Azpirozekin batera Endika Barrenetxea hernaniarra eta Martixpe garaitu ondoren (2-1).
Partidu zirraragarria izan zen. Lehenengo seta Martixpe eta Barrenetxearena izan zen, 5-15, eta bigarrengoan errematatuko zutela zirudien, 8-13 baitzijoazen. Baina buelta eman zioten markagailuari Arluziagak eta Azpirozek, 15-13 irabaziz seta; eta joko erabakigarrian 8-3 nagusitu ziren.
Finalerdian egongo dira Ezkurra II.a eta Goikoetxea VI.a ere, Aritz Zubiri goizuetarra eta Goikoetxea V.a garaitu baitzituzten. Bi setetan izan zen, 15-6ko eta 15-9ko emaitzekin.
Jaialdiko bi bikote galtzaileek azkeneko aukera bat izango dute finalerdietara sailkatzeko, larunbat honetan: Martixpek eta Barrenetxeak Susperregi-Larrañaga bikotearen kontra; eta Goikoetxeak eta Zubirik Segurola-Aldaberen kontra.