Hastear dira Binakako Aizkora Txapelketak, emakumezkoen maila gorenean eta gizonezko gazteetan. Bihar bertan jokatuko da aurreneko saioa, Agurainen, eguerdiko 13:30etan hasita.
Emakumezkoetan, partehartzaileen artean da Malen Barrenetxea hernaniarra, eta bikotekide izango du Nerea Arruti urnietarra. Oihana Fernandez de Barrenak, 'hernaniartutako' herediarrak, Ekiñe Lopezekin osatuko du tandema. Beste bi bikoteak, berriz, honakoak izango dira: Uxue Ansorregi eta Maika Ariztegi batetik, eta Irati Astondoa eta Ainize Perez bestetik.
'Izar berriak' gizonezko gazteen txapelketan, berriz, Igoin Pikabea ereñotzuarrak hartuko du parte, Mikel Santestebanekin batera. Beste zortzi bikote ariko dira lehian: Haritz Goena eta Eneko Esnaola, Jon Zaldua eta Joanes Izagirre 'Ipiña', Ioan Goikoetxea eta Jon Erdozia, Oier Mitxelena eta Jakes 'Izeta V', Aritz Oiarbide eta Eñaut Oiarbide, Julen Urrutia eta Kimetz Alzola, Unai 'Osinalde' eta Unai Romairone, eta Beñat Senosiain eta Markel Iturralde.
Aguraingo saioan, emakumezkoetan Fernandez de Barrena-Lopez eta Astondoa-Perez bikoteak ariko dira. Gazteetan, berriz, hiru bikoteren artekoa izango da lehia: Alzola-Urrutia, Zaldua-Ipiña, eta Mitxelena-Izeta V.
Beste bost saio daude aurreikusita, eta Astigarragan jokatuko da horietako azkenekoa, maiatzaren 31n. Aurretik, Donezteben izango da apirilaren 18an, Etxarri Aranatzen apirilaren 26an, Altsasun maiatzaren 2an, eta Urnietan maiatzaren 17an.