Lastaola poligonoan produktu kimikoak isotankeen bidez biltegiratzeko proiektua jarri nahi du martxan K-Norte 2018 SL enpresak, eta horretarako lizentzia eskaera egin du dagoeneko. Hala argitaratu zuen Hernaniko Udalak, otsailaren 17an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta martxoaren 10ean bere iragarki taulan. Hilabeteko epea zabaldu du alegazioak aurkezteko, eta helegitea prestatu du Urumea bailarako herritar talde batek. Horrekin bat egin dute Olak Auzo Elkarteak eta Ereñotzuko Auzo Udalak.
Orain, herritar guztiei luzatu diete helegitea sinatzeko deia. Apirilaren 9ra arte izango da horretarako aukera, eta hainbat bide jarri dituzte aukeran. Batetik, helegitea sinatzeko orriak eskuragarri daude Hernaniko Sagastiberri estankoan (Gudarien Plaza), eta Ereñotzuko dendan eta Irrintzi tabernan. Eta bestetik, online ere sinatu daiteke helegitea, eta arriskukimikoa.lastaolan@gmail.com helbidera bidali. Esteka honetan edota albistearen bukaeran eskuratu daiteke.
«Gure bailarari eragiten dio, kalteak aintzat hartu gabe»
Helegitearen egileek nabarmendu dute, 'Seveso' arrisku mailakoa dela jarri nahi duten instalazioa, eta Urumea bailarari eragiten diola «beste behin, biztanleriari eta ingurumenari egingo dizkion kalteak aintzat hartu gabe, gutxi batzuen irabazi ekonomikoengatik».
Helegitean adierazi dute, hasteko, egindako ingurumen-ebaluazioa ez dela nahikoa: «Proiektua prozedura sinplifikatu baten bidez ebaluatu da, baina legeak ingurumen-ebaluazio arrunta eskatzen du arrisku haundiko proiektuentzat edo proiektuak eremu sentikorrak ukitzen dituenean». Era berean, diote «goi-mailako Seveso instalazioa» dela, eta ez dagoela «analisi osoa eginda». Azaldu dute, baita ere, ez direla aztertu «Electroquímica de Hernanirekin eta KEM ONErekin sinergiak, koktel-efektua edo domino-efektua, ezta inguruko jardueren hurbiltasuna ere. Kilometro bat baino gutxiagora daude goi-mailako bi Seveso industria, eta horrek esan nahi du eremua dagoeneko arrisku kimiko haundiko gune kritikoa dela».
Bestalde, helegiteak dio ez direla behar bezala aztertu uholde-arriskua eta merkantzia arriskutsuen garraioaren arriskuak, eta ez dela bermatzen bateragarritasun urbanistikoa, ezta ingurumen-bateragarritasuna ere: «Araudiak eskatzen du segurtasun-distantziak mantentzea instalazio arriskutsuen eta etxebizitzen, erabilera publikoko eremuen eta naturgune babestuen artean».
Hori guztia kontutan hartuta, eskatu dute «egindako ingurumen-ebaluazioa nahikoa ez dela adieraztea eta Eusko Jaurlaritzara espedientea bueltatzea, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta izapidetu dezan»; eta Hernaniko Udalak ez baimentzea K-Norte enpresaren jarduera, «arrisku sinergikoengatik eta proposatutako kokapenagatik».