Txoria baino kontentuago iritsi dira Alain Agirre hernaniarra eta Beñat Zubiarrain astigartarra, Aste Santuko oporraldira: palako Udaberriko Txapelketa irabazi du Mundarroko bikoteak, mutilen lehenengo mailan. Bi jokotan menderatu zituzten Aiako Aranberri eta Zubillaga (10-8 eta 10-8), ostiralean Hernaniko frontoian.
Epailearen txapak berak utzi zuen garbi, partidua oso parekatua izango zela. Airera bota, lurrera erori, eta erditik hautsi zen: gorantza begira, erdia urdin eta beste erdia gorri. Ordezko txaparekin, aiarrentzat izan zen sakea, baina Agirre eta Zubiarrain aurreratu ziren markagailuan. Astigartarrari lana ematen saiatu ziren aiarrak, baina ederki eutsi zion berak, Agirreren laguntzarekin, eta hernaniarrak bikain asmatu zuen aurreko koadroetan, lehenengo jokoa irabazteko. Estrategia aldatu eta errebotea bilatu zuten aiarrek bigarren jokoan, baina berriro ere sendo aritu ziren urumearrak defentsan, eta fin erasoan, garaipen lehiatu bezain ederra eskuratzeko.
Mutilen bigarren mailako finalean, berriz, Hernaniko Ion Beloki eta Onditz Urruzmendi aritu ziren, baina galdu egin zuten: 8-10 eta 8-10, Danok Bateko Arizagaren eta Olanoren kontra.
Alize Sagarduik bi porrot, txapelaren biharamunean
Eskuzko lehiari dagokionez, ezin izan dio bolada onari segida eman Alize Sagarduik, Binakako Txapelketa Nagusia irabazi ondoren. Txapela jantzi eta astebetera, bi porrot jaso zituen joan den asteburuan.
Batetik, larunbatean Azpeitian, promozio mailako finala galdu zuen Ados Pilotaren Binakako Txapelketan: 12-22 irabazi zieten Arrutik eta Alberrok, goizuetarrari eta Etxeberriari.
Eta bestetik, igandean Elgoibarren, porrota jaso zuen Nafarroako Irekiaren estreinako partiduan, Capellanekin batera, Ruiz de Infanteren eta Erasunen kontra (16-22).