EUDELen blokeoa salatu du LABek Astigarragan eta Hernanin

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko apirilaren 1a

Mobilizazioa, Astigarragako udaletxearen aurrean.

Udalhitzeko negoziazio mahaira edukiak plazaratzea eskatu dute sindikatutik, mobilizazioen bitartez.

LAB Sindikatua 29 udaletxeren aurrean (horien artean Astigarragakoa eta Hernanikoa) mobilizatu zen pasa den ostegunean, «Udalhitzeko negoziazio mahaira edukiak ekarri ditzaten exijitzeko». Otsailaren 26an eman zioten hasiera mobilizazio dinamikari. Orduan adierazi zuten «EUDELek mahaian aurkeztuko zituen proposamenen eta alderdi politikoen negoziatzeko borondatearen» arabera baloratuko zutela mobilizazioak areagotzea. Gaur gaurkoz, uste dute «borondate gutxi» dagoela, eta bileraz bilera «luzamenduetan» ari direla.  

Martxoaren 13an burutu zen zazpigarren mahai negoziatzailean «berretsi zen Udalhitzen negoziazioa blokeatuta dagoela», EUDELen lehendakaritza du­en EAJk ez duela gehiengo sindikalak babesten dituzten edukiak «mahaian jartzeko borondaterik», eta ondorioz, azarotik ez dagoela «nahikoa aurrerapausorik».

LABen aburuz, «oso orokorrak» dira EUDELek gai ezberdinen inguruan aurkeztu dizkien proposamenak, «konkreziorik eta epe zehatzik gabekoak»; gainera, horietako batzuk «onartezinak dira». Esaterako, udalek ordezkari sindikalekin nagoziatu gabeko absentismo plana izatea, «patronalek absentismoari buruz duten mezua erosiz». 

Horrez gain, euskeraren ga­i­an, «gehiengo sindikalak babestu duen EH Bilduren proposamena baztertu du EAJk, eta PSEren eskutik adostutako proposamena inposatu nahi digu». LABetik adierazi dute lehentasunen artean kokatzen dutela. Negoziaketak aurrera eramateko LABetik egindako proposamenari «ezezko borobila» eman dio EAJk, «aitzakia gisa parlamentuko eztabaida jarrita». Beraz, LABek mahaia edukiz bete dezaten exijitu du, bestela apirileko lanuzteekin eta mobilizazio dinamikarekin jarraituko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!