Autobusen inguruko eztabaida protagonista, Astigarragako Plenoan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 31

Ez da alderdien arteko adostasunik espero Plenoan, autobusen gaiari buruz.

Gaiarekin lotutako mozio bana aurkeztu dute PSE-EEk, EH Bilduk eta MUGItu Astigarraga taldeak.

Martxoko azkeneko egunean egingo dituzte Plenoak, ohiko deialdia, Astigarragan eta Hernanin. Arratsaldeko 18:00etan bilduko da Hernaniko Udalekoa, eta puntu gutxi dauzkate lantzeko. Horien artean nagusia, Ereñotzuko Toki Entitate Txikiarekin lankidetza hitzarmena onartzea.

Astigarragan, aldiz, gai zerrenda luzea daukate aurretik, 19:00etan hasita. Eta autobus zerbitzuaren inguruko eztabaida izango da protagonista, beste behin. Izan ere, gaiarekin lotutako hiru mozio aurkeztuko dituzte Plenoan. PSE-EEren udal taldearena izango da aurrenekoa, alkateari eta udal gobernuari eskatuz herri barruko autobusari buruzko informazioa, eta Aldundiari aitortuz Astigarragatik ospitalera eta unibertsitatera autobusa jartzeko egindako lana, aurreko egunetan prentsa ohar bidez egin duen moduan. 

EH Bilduk aurkeztuko du bigarren mozioa, Aldundiari eskatuz herriko autobus zerbitzua indartzeko ekintza zehatzak gauzatu ditzala, alkateak Batzar Nagusietan egindako agerraldian egin bezala. 

Eta MUGItu Astigarraga plataformarena izango da hirugarrena, Plenoari eta gainerako erakundeei eskatuz gogor lan egin dezatela Astigarragan autobus zerbitzu duina izateko; «elkarlan zintzoan eta errespetuzkoan» aritu daitezela, «alderdikeriak alde batera utzita eta bakoitzaren eskumen eta ardurei muzin egin gabe»; eta errespetatu ditzatela plataforma, bere jarduna eta bertako kideak.

 

Kiroldegiko obren kontratua, eztabaidagaien artean

Plenoko azkeneko puntuak izango dira autobus zerbitzuari buruzko mozioak. Aurretik, beste mozio bat ere aurkeztuko dute: «Norberto Almandoz plazan azokarako estalki bizia eraikitzeko obra hasi aurretik, lorategi-eremuko zuhaitzak, heskaiak eta zuhaixkak birlandatzeko eta kokatzeko proposamenari buruzkoa».

Mozioez gain, beste zortzi puntu izango dituzte eztabaidatzeko. Horien artean dago, besteak beste, kiroldegia eraberritzeko eta haunditzeko lanen obra-kontratuari buruzkoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!