Bailarako saskibaloi taldeak denboraldiko bigarren fasea delakoan murgilduta daude. Lehenengo fasean 3garren geratu ziren gizonezko hernaniarrak, igoera faserako sailkatuz. Denboraldiaren zati honetan, lehen ataleko multzo bakoitzeko lehen lau sailkatuak daude, igoerarako lehian. Zortzi talde horietatik, Hernani laugarrena da oraintxe.
1go mailara igotzeko, lehen lau sailkatu horien artean finalerdiak eta finala jokatuko dira. Finalerdi horietako irabazleak kategoriz igoko dira; galtzaileen artean, berriz, beste igoera postu bat jokatuko da, horien arteko partidu batean. Hiru jardunaldi baino ez dira gelditzen finalerdiak jokatzeko, eta sailkapena horrela mantentzen bada, hernaniarrak bertan egongo dira. Azken bost partiduetatik hiru irabazi eta bi galdu dituzte hernaniarrek. Asteburu honetan Andoaineko Allurralde kiroldegian jokatuko dute, larunbatean, 20:00etan.
Astigarragako taldeak Gipuzkoako lehenengo mailan ari dira lehian. Mundarroko senior neskak lehenengo fasean 5garren gelditu ziren. Igoera fasea lehen lau sailkatuek jokatzen dute, 4 puntura gelditu ziren astigartarrak. Orain, Gipuzkoako bigarren mailako igoera fasean daude lehiatzen. Multzoko bi onenen artean gelditzea dute helburu, berriro ere lehenengo mailari eusteko.
Gauzak dauden moduan (2garren daude), beste multzoko lehenengoaren aurka jokatuko ditu finalerdiak Mundarrok. Irabaziz gero, mantendu egingo dira lehenengo mailan. Bi jardunaldi baino ez dira geratzen finalerdi horien aurretik. Bolada onean datoz Astigarragako neskak; izan ere, azken sei partiduetatik bat soilik galdu dute, eta bost irabazi. Hurrengo partidua ostiralean jokatuko dute Zasten aurka, etxean, 20:15etan.
Gizonezkoen kasuan, emakumezkoak bezalaxe, lehenengo fasean 5garrenak izan ziren sailkapenean, baina kasu honetan igoera fasean sartzeko puntu batera baino ez ziren geratu. Jaitsiera fasean lehiatzen ari dira orain astigartarrak, beste zazpi talderekin batera. Bigarren fase honetan, azken hiru sailkatuak lirateke kategoria galduko luketenak. Mundarroren egoera lasaia da zentzu horretan, hirugarren baitago sailkatuta. Hiru partidu ditu aurretik taldeak jaitsiera fasea amaitzeko.
Azken 5 partiduetatik hiru galdu eta bi irabazi dituzte astigartarrek; garrantzitsua da aipatzea irabazitako bi horiek azkeneko biak izan direla, beraz dinamika onean datoz. Hurrengoa bihar 21:00etan izango da, Donostiako Txomin Madinabeitia kiroldegian, Aldapeta Maria Ikastetxearen aurka.