Nabari zen goizean goizetik, egun berezia zela atzokoa. 60 lagun baino gehiago batu ziren AEKk Hernanin antolatutako mintzodromoaren aurreneko saiora, eta pixka bat beranduago, ilusioz gainezka egin zuten 'Korrikaldia' Astigarragako txikienek, Ametsa Haur Eskolaren inguruan. Horixe izan zen aurtengo aurrenekoa gurean, eta Korrika Txikiak eta Gazte Korrikak eman zioten segida Astigarragan bertan, hitzordu nagusiaren aurretik.
Gaur goizaldean zeharkatu ditu Korrikak Hernani eta Astigarraga, festa giroan. Hitz hauek Korrika iritsi aurretik idatzi ditugu, noski, baina zalantzarik ez daukagu jendetsua eta alaia izan dela, eta pasaera gauaren ilunean eginda ere, baita argitsua ere. Ordu eta laurden pasatxo horrek eman duena iruditara ekartzeko, laster izango dira ikusgai argazki guztiak 'kronika.eus' webgunean. Baina kontuz, gaupasa gozoaren ondoren, ajea pasatzeko tarterik ez baitu emango Korrikak aste honetan, bi herrietan.
Adin guztietako KorrikakHernanin, gaurtik ostegunera
Astigartarrak atzokoan ibili baziren korrikaldiz korrikaldi, hernaniarrek ostegunera arte eutsiko diote festari, adin ezberdinetako Korrikak eginez. Gaurkoan txikienen txanda izango da, Mikrokorrikarekin: arratsaldeko 15:00etan egingo dute, Sagastialdeko atletismo pistaren inguruan. Bihar, berriz, beste erpinekoek hartuko diete erreleboa, adinekoek: Dinokorrika egingo dute, goizeko 10:30etan Sandiusterritik abiatuta.
Eta ostegunean izango dira azkeneko biak. Goizean, Korrika Gaztea izango da, 10:00etan Hernaniko Institututik abiatuta. Eta arratsaldean, bukatzeko, Korrika Txikia egingo dute, Haurreskolatik abiatuta, 14:45etan.
Laburbiraren saio bana, Biterin eta Erriberan
Korrikaldiez harago, kulturatik ere izango du aurtengo Korrikak, aste honetan. Horrela, Laburbiraren saio bana eskainiko dute Hernanin eta Astigarragan: gaur bertan izango da Biteri kultur etxean, 19:00etan hasita, Dobera Euskara Elkartearen eskutik; eta ostiralean Erribera kulturgunean, ordu berean. Doakoa izango da sarrera.
Bi kasuetan, euskerazko zazpi film labur izango dira ikusgai, Laburbiraren 23garren edizio honetakoak: 'Olentzerori eskatu nion' (Amaia San Sebastian), 'Erreka zoko hortan' (Ekaitz Bertiz), 'Fishy' (June Asua), 'A-Maniki' (Elixabet Nuñez), 'Geratzen den hori' (Aitor Gametxo), 'Orain zer?' (Ainhoa Urgoitia) eta 'Hotzikara' (Ane Cuesta).
Hernanin, gainera, 'KAKA' antzezlanaren azkeneko saioaz gozatzeko aukera izango dute ostegun honetan. Arratsaldeko 19:00etan eskainiko dute, Biterin, Korrikaren inguruan sortutako obra.