Nafarroako hegoaldean ibili zen Korrika atzoko egunez, eta Iruñean edota Lizarran barrena izango da gaurkoan. Gauaren ilunean sartuko da Araban, baina nafarrek hartuko dute berriro bihar eguerdi partean. Eta bitarte horretan, festa giroa bero-bero izango da Hernanin eta Astigarragan, egun osoan zehar.
Izan ere, egunak iluntzean sartuko da Korrika Gipuzkoan, Lizartzatik; eta zuzen-zuzen hartuko du Urumea bailararako bidea. Urnietatik iritsiko da Hernanira, goizaldeko 01:33etan, eta herria zeharkatuko du hiru ordu laurdenez: Lizeaga auzoa, Kaxkoa, Urbieta kalea, Sagastialde, Florida eta Antziola, Zinkoeneatik Astigarragarantz abiatu aurretik. 02:18etan hartuko dute lekukoa astigartarrek Martindegin: Troia, Tranbia eta Donostia ibilbideak zeharkatu, Galtzaurrera sartu-irtena egin, eta Kale Nagusitik Zarkumendegirako bidea hartuko dute. Indar apurrik galdu gabe igoko dute Perurenako aldapa, eta han goran entregatuko diete lekukoa oiartzuarrei, 02:51etan.
Egun osoko programa, Korrikaren iritsiera berotzeko
Ezin bereziagoa izango da ordu eta laurden pasatxo hori, hernaniar eta astigartarrentzat. Baina aurretik, biharko egunak ere izango du giro ederra. Astigarragan, adin guztietako Korrikak egingo dituzte: Mikrokorrika 10:45etan Haurreskolatik, Korrika Txikia 15:00etan Herri Eskolatik, eta Gazte Korrika 20:00etan Tomas Alba kaletik. 21:00etan, gainera, kantu afaria egingo dute Joseba Barandiaran plazan.
Hernanin, berriz, mintzodromoa antolatu dute bi saiotan: goizeko 09:30etan eta arratsaldeko 18:00etan, Latsunbeko frontoian. Afaririk ez da faltako bertan ere: Santa Barbara elkartean jarri dute zita, 21:30etan. Adin ezberdinetako Korrikak, aldiz, asteartetik ostegunera egingo dituzte hernaniarrek, festa giroa luzatzeko: asteartean izango da Mikrokorrika (15:00), asteazkenean Dinokorrika (10:00), eta ostegunean Korrika Gaztea (10:00) eta Korrika Txikia (14:45).