CD Hernanik partidu erabakigarria jokatuko du igandean Zubipen, mutilen Ohorezko Erregional mailan. 8 jardunaldi besterik ez dira geratzen liga amaitzeko, eta azkenbigarren postuan daude saikatuta berdeak, 20 punturekin. Hemendik aurrerako partidutan ahalik eta puntu gehienak atera beharko dituzte kategoriz ez jaisteko. Mutriku izango dute arerio 16:30etan hasiko den norgehiagokan. Irabaziz gero, sailkapenean aurreratuko lituzkete mutrikuarrak, 21 puntu baitituzte oraintxe bertan.
Sailkapeneko azken postu horietan lehiatzen ari diren taldeak dira Deusto (18garren, 20 punturekin), Hernani (17garren, 20 punturekin), Euskalduna (16garren, 20 punturekin), Mutriku (15garren, 21 punturekin), Amaikak Bat (14garren 26 punturekin), eta Orioko (13garren, 27 punturekin).
Neurketaren garrantzia altua denez, zaletuen babesa ezinbestekoa du taldeak. Hori jakinda, sarrerak doakoak izango dira igandeko partidurako.
Hernaniko emakumezko taldearen kasuan, bigarrenak dira Euskal Ligako sailkapenean, 52 punturekin. Aurretik Basauriko Kimuak bakarrik dituzte, 55 punturekin. Atzetik, ordea, Pauldarrek jarraitzen dute, 51 punturekin. Hernaniarrek 1-2 irabazi zuten atzo Zarautzen aurka, eta datorren jardunaldian Zubipen jokatuko dute Peña Athletic Santurtziren kontra. Bost jardunaldi dituzte oraindik aurretik dinamika onarekin jarraitzeko eta ligako lehen postua lortzeko.
Astigarragako Mundarro ere bere azken neurketa irabaztetik dator, Santo Tomas Lizeoaren aurka 2-4-ko emaitza eskuratu baitzuen. Horrenbestez, jaitsiera postuak urrun dituzte moreek, baina baita igoerakoak ere. Igandean, 16:00etan Zarkumendegin 24. jardunaldiari ekingo dio Mundarrok, Allerruren aurka. Astigartarrak 9garrenak dira sailkapenean, 33 punturekin.