Gaur abiatuko da Korrika Atharratzetik, eta motorrak berotuta iritsiko da Urumea bailarara

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 19a

Gogotsu hartuko du Korrika Urumea bailarak, datorren astelehenetik astearterako gauean.

Martxoaren 24ko goizaldean iritsiko da Korrika bailarara, eta ordura arte hainbat ekintza izango dira Hernanin eta Astigarragan, beroketa lanak egiteko.

Dena prest dago Atharratzen, 24garren Korrikak aurreneko pausoak eman ditzan. Gaur arratsaldeko 15:30etan abiatuko da euskeraren aldeko korrikaldia bertatik, Euskal Herri osoa zeharkatzeko prest, martxoaren 19an Bilbora iritsi aurretik.

Eta dena prest dago Urumea bailaran ere, Korrika bero hartzeko astelehenetik astearterako gauean. 24ko goizaldeko 01:33etan iritsiko da Hernanira, eta herri osoa zeharkatu ondoren, Astigarragan sartuko da 02:04etan.

Bertako hainbatek ez dute egun horretara itxarongo Korrika barrutik bizitzeko. Izan ere, autobusa antolatu du Hernanialdeko AEKk Atharratzera. Joaterik ez dutenek, berriz, hasiera-hasieratik jarraitu ahal izango dute Korrika zuzenean: EITBk 24 orduz eskainiko du Korrika online, eta kronika.eus webgunean ere izango da ikusgai.

 

Makina bat ekintza, Hernanin eta Astigarragan

Beroketa lanak egiteko, ekintza ugari antolatu dituzte Hernanin eta Astigarragan, egun hauetarako. Atzo bertan, hernaniarrek tortilla lehiaketa eta kontzertuak izan zituzten Tilosetan; eta bihar zita berezia dute astigartarrek Erriberan: 'Batu Korrika Musikari' emanaldia, herriko bi musika talderen eta makina bat eragileren partehartzearekin.

Astelehenekoa izango da egun nagusia bi herrietan, Korrika iritsi aurrekoa. Astigarragan, egun horretan egingo dituzte Mikrokorrika, Korrika txikia eta Gazte Korrika, eta baita kantu-afaria ere. Hernanin, berriz, mintzodromoa egingo dute bi saiotan, Latsunbeko frontoian; eta afaria ondoren Santa Barbaran, azkeneko orduak girotzeko. Adin ezberdinetako Korrikak hurrengo egunetan egingo dituzte, martxoaren 24tik 26ra.

Eta hortxe tartean, Korrikaren 10 eguneko ibilbidean, ordubete eta 18 minutuz hartuko du testigua Urumea bailarak: 01:33etan Urnietatik sartu, eta 02:51etan Perurenatik atera.

 

KORRIKA HERNANIN

MARTXOAK 21, larunbata

12:00, '%100 Hodei magoa' ikuskizuna, Biteri kultur etxean. 5 urtetik gorakoentzat. Sarrera: 4 euro.

MARTXOAK 23, astelehena

09:30 eta 18:00, Mintzodromoa, Latsunbeko frontoian.

21:30, Afaria, Santa Barbara elkartean. Txartelak 15 euroan salgai, Hernaniko AEKn, eta Kide eta Zintzarri tabernetan.

MARTXOAK 24, asteartea

01:33, Korrikaren iritsiera.

15:00, Mikrokorrika.

19:00, Laburbira, Biterin.
Doberak antolatuta.

MARTXOAK 25, asteazkena

10:00, Dinokorrika.

MARTXOAK 26, osteguna

10:00, Korrika Gaztea.

14:45, Korrika Txikia.

19:00, 'KAKA' antzezlana,
Biterin. Sarrera: 8,5 euro.

 

KORRIKA ASTIGARRAGAN

BIHAR, ostirala

19:30, 'Batu Korrika Musikari', Erribera kulturgunean. Partehartzaileak: Jubilatuak, Xaguxar, Gazte Asanblada, AEKko ikasleak eta irakasleak, Guraso Elkartea, Astigar eta Bertso Eskola. Musika taldeak: Gabiltzanian eta Seiak Bat.

MARTXOAK 23, astelehena

10:45, Mikrokorrika, Ametsa Haur Eskolan.

15:00, Korrika Txikia, Herri Eskolatik hasita.

17:00, Aurpegi margoketa, Xaguxarren eskutik; eta txokolatada, Astindurekin. Joseba Barandiaran plazan.

20:00, Gazte Korrika, Tomas Alba kaletik hasita.

21:00, Kantu-afaria, Kantugarragarekin eta Agin Laburu eta Joanes Illarregi bertsolariekin. Joseba Barandiaran plazan.

MARTXOAK 24, asteartea

02:04, Korrikaren iritsiera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!