Dena prest Eibarren, Alize Sagarduik 14 urterekin balentria galanta borobiltzeko

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 18a

Gaminde, Sagardui, Arrizabalaga eta Bergara finalistak, aurkezpenean.

Goizuetarrak eta Enara Gamindek Binakako Txapelketaren finala jokatuko dute igandean, Arrizabalagaren eta Bergararen kontra.

Ezin hitzordu bereziagoa dauka Alize Sagardui esku pilotari goizuetarrak, igande honetan. 14 urterekin elite mailan debuta egitea sekulakoa bada, ia sinestezina dirudi estreinako Binakako Txapelketan finalista izaterik. Baina halaxe dago Sagardui, finalaren atarian, Enara Gaminde laukiztarrarekin bikotea osatuta: Eibarko Astelenan jokatuko dute igandean, 12:00etan hasita, Olatz Arrizabalagaren eta Arrate Bergararen kontra.

Finalak ikusmin haundia sortu du, eta autobusak antolatu dituzte finalisten herrietatik, Eibarrera joateko. Goizuetatik ere ez dute hutsik eginen herritarrek, Sagarduiren balentriari azkeneko bultzada emateko. Bertaratzerik ez dutenek, ETB1 telebista katean ikusi ahal izanen dute finala zuzenean.

Osagai guztiak dauzka finalak, partidu ikusgarria izateko. Arrizabalaga eta Bergara dira faborito, ligaxkan onenak izan ondoren; baina behetik gora eginda datoz Sagardui eta Gaminde, eta sasoi punturik gozoenean iritsi dira une erabakigarrira. Goizuetarra bikain moldatu zen semifinalean, presiopean; eta lasaitasun hori erakutsi nahi du berriro, egungo banakako eta binakako txapeldunarekin batera garaipen haundia lortzeko.

Iker Salaberria, finaletik kanpo

Ezin izan du herrikidearen lorpena errepikatu Iker Salaberria goizuetarrak, B serieko Binakako Txapelketan. Galdu egin zuen semifinaletako ligaxkaren hirugarrena ere, Andoni Gaskuerekin batera, oso partidu kaxkarra jokatuta: 2-22, Muruaren eta Gabirondoren kontra. Hortaz, fi­naletik kanpo geratu dira. 
 

Paulo Aiestaranek eta Endika Barrenetxeak garaipena, Berria Txapelketa hasteko

Erremontean, bestalde, bikain ekin diote Paulo Aiestaran eta Endika Barrenetxea hernaniarrek, Berria Txapelketari. Larunbatean jokatu zuten estreinako partidua, eta 15-5 eta 15-3 menderatu zituzten Susperregi eta Larrañaga. Beste garaipen batekin, semifinaletan izango dira.

Aurreneko jardunaldiko beste partiduan, berriz, Ezkurra II eta Goikoetxea VI izan ziren nagusi, Segurolaren eta Eskuderoren kontra (15-12 eta 15-11).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!