«Klase borroka hedatzeko» deiarekin greba orokorrera batu da EHKS

Axier Mendizabal Goñi 2026ko martxoaren 14a

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideak, Donostiarako deitutako mobilizazioaren aurkezpenean.

Gehiengo sindikalak martxoaren 17rako egindako greba orokorrerako deialdiarekin bat egin du Kontseilu Sozialistak. Ezinbestekoa ikusi dute «bizi eta lan baldintzen okertze orokortua gertatzen ari den testuinguru honetan, langile klasearen borroka hedatzea eta sozialismoaren eroale bilakatzea». Hegoaldeko lau hiriburutan mobilizatuko dira, eta Buruntzaldean
Donostiara joateko deia egin dute.

Datorren martxoaren 17rako greba orokorrerako deialdia egin dute Euskal Herriko sindikatu nagusiek, eta deialdi horretara batu da EHKS, «kapitalisten ofentsibaren aurrean» mobilizatzeko deia eginez. Greba egunean, oligarkiaren eta kapitalismoaren izateko arrazoiak jarriko dituzte jopuntuan, «lan gatazka, enpresa itxiera eta lan kaleratzeen aro batean sartuta gaude bete-betean eta horren atzean, besteak beste, inbertsio funtsen eta enpresari handien interesak ezkutatzen dira. Izan ere, krisi garaiotan kapitalistek langileon lan eta bizi baldintzak kazkartuz handitzen dituzte beraien irabaziak». Horretarako, mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. 11:00etan izango da Donostiakoa eta bertara joateko deia egin du Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak.

Krisi ekonomikoak langileria­rengan sortutako ondorioez gain, grebak «egungo estatuen bilakaera autoritarioa seinalatzeko ere balio behar» duela diote. Izan ere, Europar Batasuna bezalako instituzioak salatu dituzte, adibidez, aurrekontu militarretara bideratzen ari diren dirua «langile klasearentzako zerbitzuak murriztetik ateratzen baita». Azpimarratu dutenez, Euskal Herria ez da uharte bat, «ezin dugu ahaztu borroka esparrua Europar Batasunaren aginteak ezarten duela, batetik, eta Europako aberastasuna bere posizio inperialistak sostengatzen duela, bestetik. Horrek borroka molde eta egiturak birdefinitzea galdegiten digu, langile klasearen independentzia ardatz izanda».

 

Gutxieneko soldata igotzeko borrokatik haratago

Kontseilu Sozialistaren ustez gutxien irabazten duten langileen soldata igotzea ere garrantzitsua da, baina horrez gain «langile klasearen pobretzea bizitzaren garestitzearekin, zerbitzuen murrizketekin eta lan eredu prekarizatuekin lotuta dagoen testuinguru honetan,  langileriaren bizi baldintza unibertsalak» aldarrikatu behar direla uste dute. Horretarako langileriaren batasun politikoa behar dela aldarrikatu dute, baina hau ez dela emango, batetik, bizi baldintzen goranzko ekiparaziorik, eta bestetik, berdintzen horren dimentsio internazionalik gabe. «Klase borroka hedatzea beharrezko elementua da Europar Batasunaren zein faxismoaren nazioarteko oldarraldiari aurre egiteko, eta hori erdiesteko guztiontzako kalitatezko bizi baldintzen alde lan egitea aurrebaldintza da».

Grebarako arrazoirik ez da falta, diotenez, baina azken urteetako greba ereduarekin kezka agertu dute. Mugimendu sozialistaren iritziz, sindikatuen zuzendaritzek bulegoetan adosten dituzte greba deialdiak eta ondoren langileak grebara deitu. Halako deialdiek langile klasearen zati handi batean nahasmena eta desatxikimendua sortzen dutela diote, langileria greba antolatzeko prozesutik aparte utziz. Kontseilu Sozialistak uste du ordea, «greba orokorrek langile klasearen antolakuntza eta erabakimena hedatzeko balio beharko luketela eta horregatik, berau deitzean zein grebaren emaitzetaz eztabaidatzean, langile mugiendu antolatuak zeresan handiagoa izan beharko lukeela».

 

Langile klasea subjektu iraultzaile

Azkenik, EHKSk, langile klasea subjektu iraultzaile gisa antolatzeko erronka jartzen du mahai gainean, «langile klasea bera baita langileon pobretzeari aurre egiteko gai izango den gehiengo bakarra». Hiru baldintza azpimarratu dituzte.

Lehenik eta behin, langile klaseak nazioarteko indar antolatua bihurtu behar duela kapitalismoaren basakeriei neurri berdinean erantzuteko. «Europar Batasunaren agenda militaristari eta horren ondotik etorriko diren murrizketa planei, edota enpresa itxierei eta lan kaleratze masiboei».

Bigarrenik, langile klasea «borrokan heztearen eginkizuna», eta greba egunek horretarako izan behar dutela. Martxoaren 17an langileen artean borrokarako grina hedatzeko ekarpena egin nahi du EHKSk.

Eta hirugarrenik, langile klasea ideologikoki heztearen garrantzia azpimarratu dute. Horretarako, etsaiak zein diren argi edukitzea ezinbestekoa dela diote, «baita egoera honi aterabidea zein den etengabe azpimarratzea ere. Etsaia langileoi bizitza ezinezkoa egiten digun kapitalismoa da, eta aterabidea estatu sozialista baten eraikuntza da, kapitalismoaren gaindipena, alegia».

 

Buruntzaldean ere lanean

Azken asteetan grebarako lane­an ari da langile andana eskualdean. Tartean izan dira Kontseilu Sozialistak deituriko greba asanbladak Hernani eta Andoainen, bigarren itzulia izango dutenak martxoaren 13 eta 15ean hurrenez hurren, eta egunean bertan, Donostiako mobilizazioaren aurretik herri piketeak iragarri dituzte. Funtsean, greba orokorrerako deia egin nahi du Kontseilu Sozialistak, «greba orokorra langile klasearen batasuna aldarrikatu eta kapitalismoari kritika erdigunean jartzeko egun gisa erabiliko dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!