Euritan dantzan...

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 14a

Erromeriarekin hileroko hitzordua izango dute hernaniarrek gaur.

Dantzarekin lotutako hainbat ekitaldi izango dira asteburuan bailaran: Dantzari Ttiki Eguna Goizuetan, eta erromeria eta aurresku txapelketa Hernanin. Iragarrita dagoen eguraldi txarrak babes hartzera behartuko ditu.

Ez zen erraza atzo goizean, eguzkia eta zeru urdina protagonista zirela, gaurko hain giro txarra emana zegoenik sinestea. Baina halaxe dago iragarrita: euria eta hotza. Eta Gatiburen abestian oso polita dirudien arren, euritan dantzan aritzea ez da sekulako 'marabilla'.

Halaxe pentsatu dute asteburu honetarako dantza ekitaldiak antolatu dituztenek, Urumea bailaran. Gaur ospatuko dute Dantzari Ttiki Eguna Goizuetan, egun osoko planarekin. Eta atzo jakinarazi zuen Umore Ona dantza taldeak, euria eginez gero eskolako frontoian hartuko dutela babes. Bertan elkartuko dira 11:30etan, Aresoko, Leitzako, Añorgako eta Goizuetako dantzari gaztetxoak; eta bertan egingo dituzte goizeko eta arratsaldeko dantza saioak, eguraldi txarra bada. Izatez, herrian zehar egin behar dute goizeko saioa, eta herriko plazan arratsaldekoa. Tartean, ez du hutsik egingo haurren eta helduen bazkariak.

 

Erromeria, Atsegindegin

Hernanin, berriz, ohiko erromeria izango da gaur arratsaldean, San Joan Konpartsak antolatuta. Oinkada muxiko taldeak gidatuko du, 18:00etan hasita; eta pentsatzekoa da Atsegindegin egingo dutela, eguraldiagatik. Ona egingo balu, Tilosetan izango litzateke gaurkoa.

Eta bihar ere izango da protagonista dantza, Hernanin. Izan ere, Gazteen Aurresku Txapelketa jokatuko da goizean, hori ere babesean: Biteri kultur etxean, 11:00etan hasita. 25 dantzari ariko dira denera, bi mailatan banatuta: 2013-2015 urteetan jaiotakoak batetik, eta 2011 eta 2012 urteetakoak bestetik. Sarrera doakoa izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!