Bi mailetako erremontistak elkarrekin, bihar hasiko den Berria Txapelketan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 13a

Donostiako San Telmo museoan egin zuten Berria Txapelketaren aurkezpena. Argazkia: Maialen Andres

Zortzi bikote ariko dira lehian apirilaren 25era bitarte; tartean, Urumea bailarako bost erremontista.

Nobedade politekin dator, erremonteko Berria Txapelketaren azkeneko edizioa izango dena. Aurrekoetan ez bezala, lehenengo eta bigarren mailako erremontistak elkarrekin ariko dira oraingoan, eta zortzi bikote osatu dituzte, honakoak: Ezkurra II-Goikoetxea VI, Segurola-Eskudero, Goikoetxea V-Zubiri, Jabalera-Aiestaran VI, Aiestaran VII-Barrenetxea IV, Susperregi-Larrañaga, Deskarga-Juanenea eta Gurrutxaga-Azpiroz. Imanol Ansa urnietarrak ez du jokatuko, eta «ahalik eta bikote orekatuenak» osatzen saiatu da Oriamendi.

Oso partehartze zabala izango dute Urumea bailarako erremontistek, bertako bost ariko baitira txapelaren lehian: Paulo Aiestaran eta Endika Barrenetxea elkarrekin, eta Aritz Zubiri, Julen Deskarga eta Aitor Aiestaran bikote banatan.

Bihar bertan hasiko da txapelketa, eta sistema berezia izango du, kanporaketa bidezkoa. Aurreneko fasean bost jardunaldi jokatuko dira, martxoaren 14ra arte; eta bi adar izango dira: irabazleena eta galtzaileena. Bikote bakoitzak hiru partidu jokatuko ditu gehienez ere, eta bi irabazten dituena semifinaletara sailkatuko da. Esaterako, biharkoan irabazten duten bikoteak irabazleen adarretik joango dira, eta hurrengoan ere irabaziz gero, aurrera egingo dute. Galtzaileen kasuan, berriz, alderantziz gertatuko da: aurreneko bi partiduak galduta, txapelketatik kanpo geratuko dira.

Bi semifinalak apirilaren 18an jokatuko dituzte, sailkatutako lau bikoteekin; eta finala apirilaren 25ean izango da. Partidu guztiak jokatuko dira set bidezko formatuan.

Aurreneko jardunalditik espero da lehia bizia, eta bi partidu jokatuko dira bihar, 16:30etatik aurrera: Aiestaran VII-Barrenetxea IV/Susperregi-Larrañaga; eta Ezkurra II-Goikoetxea VI/Segurola-Eskudero. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!