Bada denbora etxebizitzaren gaia eguneroko elkarrizketetan bolo-bolo dabilenetik, baina azken asteotan honen dimentsioa eta eztabaida publikoa areagotu egin da, Hernani Tentsio Handiko Eremu izendatu zenetik, eta Etxebizitza Behatokia etxe hutsen jabeen lanketarekin hasi zenetik.
Etxe hutsen lanketa, eta honen harira sortutako hutsunea programa aurkezteko asmoz, pasa den otsailean Udaleko areto nagusian bilera bat antolatu zen. Programak, besteak beste, etxebizitza hutsak higiezinen sozial baten bidez mobilizatzea du helburu. Neurri hori, batez ere, herriko etxebizitza parke pribatuaren desmobilizazioaren kezkatik sortu da. Gaur gaurkoz, Hernanin, 700 etxebizitza huts baina gehiago baitaude. Kopuru hau kezkagarria da, baina egoera are kezkagarriagoa bihurtzen da Etxebiden izena emanda dauden pertsona kopuruei erreparatzen badiegu, egun, 1.871 hernaniar baitaude Etxebiden etxebizitza baten zain. Hortaz, egoera horrek agerian uzten du merkatuak ez duela etxebizitzaren funtzio soziala bermatzen. Hau dela eta, bileran zehar, etxebizitza eskubidea errealitate bihurtzeko esku-hartze publiko eta komunitario sendoa beharrezkoa dela azpimarratu zen.
Saio gorabeheratsua izan zen, aurkezpenean zehar parte-hartzaile batzuen etengabeko etenak eta errespetu faltak eman baitziren. Giro nahasi horretan, agerian geratu zen jabe eta maizterren arteko klase arrakala. Arazo kolektiboak hobetzeko lanean dihardugunok, argi ikusi genuen klase errentistak ez duela bere interes pertsonaletatik harago begiratzen. Diskurtso populista oinarri izanik defendatu zuten haien jarrera, «gure kopetako izerdiarekin lortutako diruarekin erosi ditugu etxeak» gisako argudioekin. Batzuek bizitzarako oinarrizko baldintza materialen ustiaketari eusten diote, etxebizitza bezain egiturazkoa den baliabide bati.
Etxeguratik eztabaida eta ikuspuntu eraikitzailea proposatzen dugu, hernaniar guztiek etxebizitza duin bat izan dezaten. Mezua argia da: etxebizitza norbanako ororen eskubidea da. Eskubide hori bermatu behar da, eta irmoki salatu behar da eskubide hori ekonomikoki, sozialki eta politikoki ukatzen denean. Hortaz, ez da onargarria, inondik inora, diskurtso zapaltzaile eta espekulatibo hauek komunikabideetan eta plazetan diskurtso hegemoniko izatea. Beraz, etxebizitzaren arazoari esku-hartze publiko-komunitario batetik aurre egin, eta egoerari soluzio kolektibo bat emateko lan egin nahi duen norbanako zein eragile orori gurekin harremanetan jartzeko gonbita luzatzen diogu, negozioa bada, ez baita eskubidea.
Asier Gutierrez Arribas
Etxegura elkarteko kidea