Aspalditik genuen zurrumurrua belarrietan. Urumea bailaran martxan ziren Endesa eta Repsol multinazionalen eskutik bi proiektu makroeoliko.
Herritar gehienentzat urruti gelditzen diren kontuak, bailaran galduta, egunerokotik at. Bailarakoontzat, amesgaiztoa.
Trantsizio energetikoaren aitzakian saldu nahi dizkigute makroproiektu hauek, baina benetan sinistuko dugula uste dute?
Munduan egiten dituzten sarraskien ondoren bi erraldoi hauek gure etxera etorri eta gure etorkizun berdeari begira proiektu jasangarri bat eraikiko dutela uste duzue, herritarren eta planetaren ongizaterako? Ni behintzat enaute konbentzituko. Hau energiaz haratago doan zerbait da, hau negozio bat da eta beren poltsikoak betetzen jarraitu nahi dute.
Otsailaren 24an EHAAn argitaratu zen 'Ikatz-Gane' proiektua. 5 haizerrota, lotura Hernaniko azpiestazioan. Sarrera Pagoaga bailaratik eta ebakuazio linea Ereñotzuko bailara osoa zeharkatuz, tartean Aiako-Harria parke naturala.
Honek ez dizkigu kalteak eragingo zuzenean gure lurretatik pasako direnei soilik, inguruko guztiongan izango du eragina: bailarako bizilagunengan, Zikuñagatik Goizuetarainoko bidea kolapsatuko dute tresneria erraldoiekin; Aranoko bizilagunengan, eguneroko paisaia ederra distortsionatuko die; 'bidegorriko' txirrindulariengan eta uda garaian Urumea ertzera prexkura bila hurbiltzen direnengan...
Dei egiten dizut beraz, Urumeako Mendiak Bizirikek atera duen Herri Helegitea sinatzera, martxoaren 12an 'feriyan' edo 18:30etan Zinko-Eneako kontzentran. Bestalde, UMBk dituen Telegram edo Whatsapp kanalen bidez informatu zaitezke egingo diren ekintzen inguruan.
Ez pentsa bailaran bizi ez zarelako ez duzula proiektu hauen eraginik jasango, kontu honek denak bustiko gaitu eta ez ahaztu, hau ez da energia kontu bat, hau diru kontu bat besterik ez da.
Ainhitze Kalonje Estibariz
Pagoagako bizilaguna, UMBko kidea eta kaltetu zuzena