Ikatz Gane proiektuari alegazioak aurkezteko sinadura bilketa jarri du martxan UMBk

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 9a

Aranoko herriaren biziraupena kolokan jarriko lukeela salatu du UMBk.

Bere idatzia prestatu du Urumeako Mendiak Bizirik plataformak, proiektu eolikoaren kontrako alegazioekin; eta horrekin bat egiteko deia luzatu die herritarrei. Ostegun honetan Hernaniko ferian egongo dira, bailarako hainbat tokitan eskuragarri daude orriak, eta online ere sinatu daiteke.

Bi aste dira Eusko Jaurlaritzak Ikatz Gane proiektu eolikoa jendaurrean ikusgai jarri zuela, Enigma Green Power enpresak Hernani eta Aranoren arteko muga inguruan kokatzeko aurkeztu duena. Hilabeteko epea zabaldu dute alegazioak aurkezteko, eta aukera hori baliatuko du Urumeako Mendiak Bizirik plataformak, aditzera eman duenez. Bere idatzia prestatu du, makina bat alegaziorekin, eta bat egiteko deia luzatu die herritarrei.

Horretarako, sinadura bilketa jarri du martxan. Alegazioen idatziarekin bat egin nahi duenak, hura sinatzeko hainbat modu izango ditu aukeran. Batetik, Hernaniko ferian izango dira ostegun honetan bertan, sinadurak biltzen. Bestetik, bailarako hainbat tokitan ere eskuragarri daude orriak, bete eta sinatzeko: Goizuetako Amaia kafetegian; Aranoko udaletxean; Ereñotzuko Auzo Udalean eta Irrintzi tabernan; Hernaniko Garin eta Kide tabernetan, Makoki ileapaindegian eta Sagastiberri tabako dendan; eta baita Donostiako Herrerako Zumardi tabernan ere. Eta azkenik, online sinatu nahi duenak ere badauka horretarako aukera: albiste honekin batera eskuratu dezake idatzia lotura honetan, eta hura bete eta sinatuta bidali dezake umbizirik@gmail.com helbide elektronikora.

Sinadura bilketa eta  elkarretaratzea ostegunean, Hernanin

Zita bikoitza jarri dute ostegun honetarako, Hernanin. Aipatu bezala, alegazioetarako sinadurak biltzen ariko dira goizean zehar, ferian. Eta arratsalderako, elkarretaratzea deitu dute: Zinkoenean izango da, 18:30etan hasita. Bertan ere izango da sinatzeko aukera.

Ingurumena, ondarea edota osasuna hizpide idatzian,  besteak beste

Urumeako Mendiak Bizirik plataformak aurkeztutako idatzian, hainbat alegazio jaso dituzte, arlo ezberdinekoak. «Eskala haundiko proiektu masiboei buruzkoa» da aurrenekoa, eta diote Ikatz Gane proiektuak ez duela ahalbidetzen «bertako energia kudeaketa eta komunitarioa bultzatzea». Zentzu horretan, adierazi dute «berriztagarrien burbuila bat» sortu dela azkeneko urteotan, «enpresa haundien mesedetan, benetako beharrei eta plangintza orekatu bati erantzun gabe. Ezin da onartu  inguru naturalak enpresa haundi hauen interes eta irabazietarako sakrifikagarriak izatea».

«Mendiaren eta bailararen industrializazioari buruzkoa» da bigarren alegazioa, eta dio horrelako instalazioek eragin ezkorra izango luketela «arro osoko biztanleen bizi kalitatean eta herri nortasunean. Landa eremuaren pobretzea ekarriko luke proiektu honek. Bizitzeko modu baten bukaera, lehendik nekez irauten duen nekazal eta abeltzain jardueraren desagertzea, eta proiektuan aipatu ere egiten ez diren Pagoaga auzoa edota Arano herriaren bizirautea kolokan jartzea, esaterako».

Proiektuak ingurugiroan du­en inpaktuari buruzkoa da ale­ga­zio luzeena, hirugarrena: «Aia­ko Harria, Urumea eta Leitza­rango naturguneak elkartzen dituen korridorea arriskuan ikusten du­gu proiektu honen gauzatzeare­kin. Izan ere, aurkeztutako pro­iektuak ezinbestean dakar pista luze eta zabalen irekiera, aerosorgailuak altxatzeko zanja sakon eta zabalen irekiera, hauen estaltzea, eta lur mugimendu ika­ragarriek sortutako beste hain­bat ondorio kaltegarri. Honek guztiak ingurugiroan eragin haundiak izango ditu, aurkezten diren neurri zuzentzaileek konponduko ez dituztenak eta itzulezinak izango direnak». Zentzu horretan, dio proiektua bateraezina dela mehatxatutako landarediaren babesarekin; aerosorgailuekin talka egiteko arrisku haundia izango dutela babestutako eta eremu hauetan behatutako hainbat hegaztirekin; ur eta lurren kalitatean sortuko diren alterazioak oso kaltegarriak izan daitezkeela bertako ugaztun eta anfibioentzat, horietako batzuk kalteberak eta galzorian daudenak; eta parke eolikoak eta ebakuazio azpiegiturak arrisku larrian jartzen dutela bailarako lurrazpiko ur masen kontserbazioa, eta lur mugimenduek eta instalazioek eragin kaltegarria izango dutela erreka eta iturburuetan, galtzeko arriskuan dauden espezie akuiferoei eraginez.

Ondare arkeologikoan izango lituzkeen kalteak ere aipatzen ditu idatziak: «Adarratik Aranora bitartean, mendi hegietan kokatzen diren historiaurreko monumentuen multzoan konpondu ezinezko kaltea eragingo du proiektu honek». Nabarmendu dute «inguruan den multzo megalitiko haundiena» dela bertakoa, eta aerosorgailuek eta horiek kokatzeko obrek hondatu egingo luketela, «ondare arkeologikoa deuseztuz».

Osasuna ere badu hizpide idatziak, seigarren alegazioan: «Orain arte martxan dabiltzan instalazio eolikoetan (hemen aurkezten direnak baino tamaina txikiagokoetan), inguruetako biztanleengan duten eragina jasotzeko hainbat ikerketa egin izan dira munduan zehar. Hainbat patologia aipatzen dira, batez ere soinuarekin eta argiarekin lotutakoak. Entzuten diren soinuek eta entzuten ez diren infrasoinuek, uhin elektromagnetikoek, argiaren islak eta efektu keinukariek, bakarka edo modu sinergikoan, biztanleen hurbiltasun eta esposizio denboraren arabera, patologia espezifikoak sortzen dituzte hauengan. Nerbio sistemarengan eraginak, loarekin arazoak eta osasun mentalarekin lotutakoak zehazten dira». Zentzu horretan, nabarmendu dute proiektuak ez duela aipatzen zentral eolikotik metro gutxira baserri batzuk eta Aranoko herria bera daudela, eta ez dela azterketa sakonik egin horren inguruan.

Eta bukatzeko, prozedurari buruzkoa da azkeneko alegazioa. Horretan, salatu dituzte «proiektuaren inguruan izan den informazio gabezia, gardentasun falta eta jokaera makurra». Zentzu horretan, diote informazio faltak «eskuak lotuta» izan dituela herritarrak, «harik eta proiektu ikaragarri hau argitaratu den arte, helegiteak aurkezteko epe motz eta proiektu amaigabe eta beldurgarri honen aurrean herritarrak babesik gabe aurkituz eta proiektuaren nondik norakoetan parte hartzeko modurik gabe». Era berean diote proiektua «suntsitzailea» dela, eta zalantzan jarri dute legezkoa ote den, «ikusita makroproiektu bakarra dena bost konexio desberdinetan zatituta aurkeztu dela, bakarrean aurkezteak sortuko lukeen kontrako ebazpenaz jakitun».

Horregatik guztiagatik eskatu dute proiektuari aurretiazko administrazio baimenik ez ematea, eta ingurumen inpaktuaren kontrako adierazpena egitea.

Hitzaldia, martxoaren 27an

Gaiarekin lotuta, hitzaldia ere antolatu dute Urumeako Mendi­ak Bizirik plataformak eta Sagarreta Natur Taldeak, martxoaren 27rako. Hernaniko Biteri kultur etxean izango da, arratsaldeko 18:30etan hasita: 'Energia berriztagarrien sokatira'. Bertan, hizlari izango dira Iñaki Lasagabaster, EHUko administrazio zuzenbideko katedradun emeritua; eta Aitziber Sarobe, filosofian eta biologian doktorea, ekologian espezializatua.

Gainera, hitzaldiaren bukae­ran 'LPS honi ez!' plataforma aurkeztuko dute bertan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!