Martxoaren 8a da gaur, Emakume Langileon Nazioarteko Eguna. Eta gaurkoak duen jatorrizko esanahiari tiraka, antolatzeko eta borrokatzeko beharra aldarrikatu dute eragile ezberdinek, «benetako berdintasunera» bidean, eta «beste mundu baten» alde. Oraindik ere indarrean diren egitura patriarkalak salatzera aterako dira kalera, Urumea bailara osoan.
Herriz herri jarri dituzte horretarako hitzorduak, kolore morea ikur hartuta. Astigarragan, esaterako, goizetik iluntzerako egitaraua prestatu dute, laburmetrai, solasaldi, bazkari, elkarretaratze eta dantza ikuskizun artean.
Hernanin, berriz, bi mobilizazio izango dira eguerdian: bata Hernaniko Koordinadora Feministak deituta, eta bestea Buruntzaldeko Itaiak antolatuta, eskualde mailakoa. Ondoren, bazkaria ere izango da, Koordinadora Feministaren eskutik.
Goizeko 11:30etarako jarri dute hitzordua Aranon, eta elkarretaratze-kalejira morea egingo dute herrian barrena. Hamaiketakoa ere izango da ondoren, bakoitzak etxetik zerbait eramanda.
Goizuetan, berriz, eguerdian elkartuko dira Plazan, eta kazerolada egingo dute herrian zehar. Berdintasunaren aldeko aldarria indartzeko, balkoiak apaindu, zerbait morea jantzi eta zarata egiteko tresnak eramateko deia egin dute: zartagiak, tapak, goilarak...
Eta Ereñotzun, azkenik, bazkaritan bilduko dira auzotarrak, frontoian, Katiluzar Guraso Elkarteak eta Olak Auzo Elkarteak antolatuta. Bazkalostean, gainera, umorezko bakarrizketa ere izango da bertan: 'Ztandap', Idoia Torregarairen eta Mirari Martiarenaren eskutik.
Bestalde, aste honetan onartu dituzte Martxoaren 8aren inguruko adierazpen instituzionalak, Hernaniko eta Astigarragako Udalek. Irakurgai daude osorik, ondorengo loturetan:
Astigarragako Udalaren adierazpena eta Hernaniko Udalaren adierazpena (EUDELek aurkeztutakoa)
GAURKO EGITARAUA
|