Asfaltatze lanak datorren astean, Astigarragan eta Hernanin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko martxoaren 7a

Asfaltatze lanetan, Zinkoenean.

Pelotari kalean egingo dituzte lanak Astigarragan; eta Aristizabal eta Iturregi kaleetan eta, Meabe eta Sorgintxulo artean, Hernanin.

Asfaltatze lanek segida izango dute datorren astean, Astigarragako eta Hernaniko zenbait puntutan; eta horiek eragina izango dute trafikoan, bi herrietan.

Astigarragako kasuan, Pelotari kalea itxita egongo da, Kutxabanketik hasi eta Tomas Alba kaleko sarreraraino, martxoaren 9tik 14ra. Izan ere, bidegorria egiteko obren aurreneko zatia bukatuta, asfaltatzeari ekingo diote egunotan.

Gainera, Kale Nagusian ere egingo dituzte asfaltatze lanak, 78 eta 90 zenbakien artean; eta beraz, zati hori ere itxita egongo da, datorren asteko zenbait egunetan. Herriko erdigunera sartu behar dutenek, Kale Nagusiko 16 zenbakitik (Santio Zeharrako bidegurutzetik) sartu beharko dute, ohiko noranzkoaren kontra zirkulatuta. Bertatik iritsi ahal izango dira Pelotari kaleko bidegurutzeraino, eta hortik aurrera jarraitu edo Tomas Alba kalera joan. Bi kasuetan, Galtzaur kaletik aterako dira.

Hernanin, berriz, hiru gunetan egingo dituzte asfaltatze lanak. Hasteko, Aristizabal kalea asfaltatuko dute, astelehenetik asteazkenera bitartean. Bestalde, Iturregi kalean ere egingo dituzte lanak, Langile ikastolako sarreran eta kalearen bukaeran. Eta azkenik, Meabeko autobus geltokitik Sorgintxulora doan paseoa asfaltatuko dute.

Lanek eragina izango dute trafikoan eta autobusetan. Horrela, Urbieta eta Aristizabal kaleen arteko bidea itxita egongo da astelehenetik asteazkenera, eta Urbietatik bideratuko da trafikoa. Oartzu kaletik ezingo da Aristizabal kalera sartu. Bestalde, Herribusaren Atsegindegiko geltokia bertan behera geratuko da. Lurraldebusi dagokionez, Andoaingo noranzkoan zerbitzuz kanpo egongo dira BU05 eta BU06 lineen Txantxillako, Urbietako eta hilerriko geltokiak; eta Donostiako noranzkoan, BU05, BU06 eta BU11 lineen Txantxillako, Karobietako eta Marielutseko geltokiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!